Gure aiton-amonek, ez zuten aukera bezala ere, oporretan etxetik beste norabaitera joateko intentziorik ezta pentsamendurik ere. Bazen garai hartan ere, udara bigarren bizileku batean pasatzen zuenik, bainan jende arruntetik oso urrun zeuden.
Belaunaldi pare batean, egoera honek erabateko itzulia eman du. Iraultza ezberdinek: industrialak, petrolioarenak, garraioenak, munduaren eta bertako biztanleen ohiturak, atzekoz aurrera jarri ditu hainbat arlotan. Aldaketa horiek, lehen lurrarekiko, etxearekiko, genuen atxikimendua zeharo aldatu dute. Hala nola, ekonomikoki ahaltsuagoak bihurtu gaitu, eta guzti horrek, turismoaren orokortzea ekarri du.
Gaur egun, munduaren herrialde aberastuetatik, jende andana barreiatzen da lurbira osoan. Esperientzien bilaketak, jakin-minak edo besterik gabe, eguneroko zereginek uzten dieten denbora librean, “gauzak” egin nahiak bultzatuta. Baina, turismoaren gertakari honetan, badago beste ikuspegi bat ere, turistak jasotzen dituen herriarena!
Euskal Herrian ere, munduaren herrialde aberatsen multzoan egonik, turismoa erabat orokortu da. Batzuk mendira, besteak itsaso bazterrera, eta gero eta gehiago, munduan zehar, leku polit eta interesgarrien bila, euskaldunak edozein txokotan aurkitu ditzakegu. Baina zer gertatzen da, turismo horren hartzaileak gu bihurtzen garenean?
Bertako egoera politiko nahasiaren ondorioz, urte askoan, turismoaren zirkuitu hedatuenetatik at egon gara. Baina azken hamarkadan, egia hau aldatu zenetik, bapatean gure herriko ateak zabaldu zaizkio jende-olde honi. Eta nork egin uko horrelako opariari? Enpresa-gizonek negozioa egiteko aukerari. Politikariek, lanpostuen sorrera, beraiek sortu balituzte bezala saltzeari.
Orain ordea, inbasio baketsu, edo ez hain baketsu horren ondorioak ikusten hasiak gaude. Horrenbeste jende hartatzeak, gastu batzuk sortzen ditu. Batzuetan azpiegiturak egokitzerainokoak, bainan nolanahi ere, garbiketa, hondakinak, segurtasunak, eta abar, moldatu behar izaten dira, egoera berriari aurre egiteko.
Nola liteke, zorionez edo txarrez, turismoaren zirkuitu hauetara, besteak baino beranduago heldu arren, albo-kalte eta beharrei zegokienean, pentsatu, hausnartu eta batez ere, nola iritsi nahi genuen erabaki gabe iristea?
Orain, ezbairik gabe, arazo horri aurre egitea dagokigu. Benetako eztabaida, turismoa nola, nolakoa, zenbat eta orokorrean, gure bizitzetan nola eragingo duenaz, hausnartzea eta eztabaidatzea, albo batera utzita, dagoeneko hemen dagoena ahal den ondoen kudeatzea, hain zuzen ere.
Beste leku batzuetan tasak ezarri dituzte. Azken batean, horiekin, turistek sortzen dituzten gastuak estaltzea da helburu. Bestalde, datozenak ez estutzeko asmoz, ostatuen jabeek bere gain har dezakete gain-kostu hau. Baina edozein kasutan, kaltetua, ezin du bertako biztanleak izan.