2020/10/01

Maskotak ez daude oporretan.

 

Gizakia zibilizatzen hasi zenetik, animaliak bizikide izan ditu, bai lan pisutsuenetan laguntzeko, baita lagun egiteko ere. Bizikidetza horren ondorioz eta lan zehatzetarako bereziki prestatu izanaren ondorioz, dauzkagu gaur egun horrenbeste arraza eta mota. Txakurretan adibidez: ehiza-txakurrak, artzain-txakurrak, karreretakoak eta beste hainbat mota, eta nola ez, etxe-txakurrak, bereziki etxea zaintzeko haziak eta heziak.

Lagun egiteko txakurren zabalkundea, nahiko gauza berria da; izan ere, orain dela denbora gutxirarte, oso jende aberatsak bakarrik eduki zitzakeen, horrenbeste leku, denbora eta zaintza eskatzen zituzten lagunak. Bestalde, ezin ukatu, etxe-txakurren helburua etxea zaintzea izanda ere, nagusien jarreraren arabera, lagun egitea ere beraien funtzio bat izaten zela. Beti kontutan izanda, etxe-txakur hauek, baserri giroan bizi zirela, mugitzeko , bizitzeko eta zergatik ez, beraien jatena bilatzeko ere leku zabalarekin.

Azkeneko hamarkadetan berriz, etxe-txakur hauek, kaletartu egin ditugu. Beraien zaintza funtzioa ahaztu eta lagun egiteko helburuarekin sartu ditugu gure etxeetan. Honek ordea beste arazo batzuk sortu ditu.

lehenik eta behin, txakur bat ezin dugu kalean libre utzi, bera animalia lurraldekoi bat da izaeraz eta kale-etxe batek ez dauka lurralde propiorik, gainera gizakiak kalean bizi garenean, denak pilatuak bizi gara eta txakur bat baino gehiago bizitzen dira beraiena dela uste duten lurraldean. Beraz txakurrak kalera beti gurekin atera behar dute eta gaur egun lotuta gainera.

Horretaz gain, bizi diren espazioa ez da erosoa beraientzat. Kale-etxe batean bizitzeak espazioa oso mugatua edukitzea esan nahi du, gainera espazio hori gizakiekin elkarbanatu behar du. Bere beharrak egin behar baditu, nagusiak soka batekin lotu eta kalera atera behar du; hezur bat gorde nahi badu, etxean behintzat ezin du zulo bat egin, eta seguraski, normalean ateratzen den parkean ere ez; Soinu handirik ezin du egin etxeko denak aztoratu gabe; eta abar.

Gora-behera eta eragozpen guzti hoiek gainditzea lortu badugu ordea eta gure lagun egiteko txakurrarekin zoriontsu bizitzea lortu badugu, hurrengo arazoa dator, oporren antolaketa. Hotel, landa-etxe edo kanpinak maskotak onartu behar ditu. Edo bestela, egoitza batean edo beste norbaiten ardurapean utzi beharko dugu. Hau izaten da kasu askotan, jendeak, txakurra bide-bazterrean uzteko probesten duen momentua.

Gauza itxusi da, ez dago ondo egina, txakur gizagaixoak ez du inongo kulparik, baina txakurrak kaletartzeak horrelako ondorioak ekartzen ditu. Hausnarketa bat egin beharrean gaude

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina