2020/10/07

OSASUN-ZERBITZUAK GARESTIAGO ORDAINDU?

Azken aldi honetan, bolo-bolo dabil, pertsona batzuk doako osasun-zerbitzuak izateko beste batzuk baino eskubide gehiago edo gutxiago ote dutenaren eztabaida. Nonbait jendea, arduratsua, zuhurra eta zibilizatua balitz, heriotza asko ekidingo lirateke eta osasun zerbitzuek, lan asko eta ondorioz, diru asko aurreztuko lukete. Dirudienez, jende horri ahaztu zaio gizakia, alabeharrez, hil egiten dela momentu batean edo bestean.

Arrazoitze horren arabera, zaintzen ez bazara, doako osasun zerbitzurik ez duzu merezi. Erretzaile bat bazara, legezkoa den eta bere zergak ordaintzen dituen produktu bat kontsumitu arren, eta Osakidetzak tabakismoari gaixotasun kategoria eman arren; orain politikari batzuek, erretzailea den pertsona hori artatzea, oso garestia dela eta erretzaileak bere utzikeriaz gaixotu direnez, zerbitzu hori ez dutela merezi defendatzen dute.

Ze esanik ez, alkoholismoa jasaten dutenek, edo seguraski politikari horrek esango luken bezala, alkohola neurri gabe edaten dutenek edo utzikeriagatik gizenak direnek. Agian, uste duguna baino lehenago, edozein gaixotasunek zein jatorri duen aztertuko du Osakidetzako aztertzaile batek eta berak erabakiko du, zerbitzua doanik jasotzea merezi dugun edo zenbat ordaindu behar dugun.

Alderantziz, jakinaren gainean, menpekotasuna sortzen duten zenbait gai erabiltzen dituzten ekoizleei jarri behar genizkieke mugak, debekuak eta isunak. Esate baterako, tabakoari eransten dizkiotenak. Elikaduraren arloan berriz, beldurgarria da, edozein dendatan, zenbat gehigarri kaltegarri eransten dizkieten, kasu askotan haurrei zuzendutako edozein litxarreriari.

Ez da gauza bera, jakinaren gainean egon eta norberarentzat kaltegarria den zerbait egitea; edo haurrei zuzendutako eta ustez osasungarria den zerbait jan eta zure gorputzean gehigarri toxikoak sartzea. Hori bai, beti ere legeak agintzen duen mugen barruan.

Gainera, ez da ahaztu behar, gure osasunean eragina gauza askok izaten dutela: bakoitzaren geneak, bere bizimoduak, lanak, estresak eta abar. Denok gara gizarte honen parte, denok egiten diogu gure ekarpen txikia, beraz guk gizartearen zati garen einean, gure buruari ematen diogu osasun-zerbitzua eta ezin digu inork ukatu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina