2020/10/21

IKASTETXEAN ESKUKO TELEFONORIK EZ

Azkeneko urte hauetan, gure seme-alabek eskuko telefonoa erabiltzea erabat normala bihurtu da. Nik ordea, gogoratzen dut 2002. urtean, mahai gaineko ordenagailu batekin eta bere 56Kbeko modem bidezko konexioarekin, egunak behar izaten genituela pelikula bat jaisteko. Eskuko telefonoak berriz, garai hartan oraindik ere segapotoak, telefono deiak egiteko eta SMS mezuak bidaltzeko bakarrik balio zuten.

 Gaur egun dagoeneko, gailu hauek ez dira telefono huts, alderantziz, telefono esaten diegu oraindik ere, baina gero eta gutxiago erabiltzen dira funtzio horretarako. Daukaten erabilgarritasun boteretsuena, sareko konexioa da, bere sare sozial, mezuak bidaltzeko aplikazio eta jolasekin.

Beti sortu izan dit egonezina ordea, gailu hauen erabilpenak, bai helduenak, baina batez ere gazteenak. Ez ote zaio mugarik jarri behar, gero eta zabalduago eta onartuago dagoen erabilpen honi? Eta nire egonezinari erantzuna, egunkari bateko lerro-buruan irakurri dut: “2018-2019 ikasturtetik aurrera, Frantzian debekatuta egongo da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskuko telefonoak erabiltzea, bai ikasgelan bai jolastokian.”

Frantzian hartutako erabaki honek gaiaz sakonago hausnartzera bultzatu nau. Izan ere, debekua hitz potoloa da, zirrikiturik uzten ez duena. Azken batean, teknologia berri honek gauza onak ere ekarri ditu, esaterako:  komunikazioa hobetu du, produktibitatea handitzea ekarri du, antolaketa hobetzea ahalbideratzen du, aisian eskaintza andana ematen digu,... baliabide ikaragarriak.

Ikasle bati dagokionean, ikasteko lagungarri izan dakioke? Informazioa bilatzeko lagungarri izan daiteke, baina informazio bilaketa hori edozein momentutan eta edozein lekutan egin behar al da? Inork imajinatzen al du, gazte bat, bere mugikorrarekin etxerako lanak agiten? Gaur egun imajina dezakeguna, etxerako lanak egiteko, lan horretarako egokia den gailu batekin aritzea da, eta eskuko telefonoarekin berriz, aisiarekin lotuagoak dauden beste zeregin batzuetan aritzea.

Zein dira orduan, niri eta itxura denez, Frantziako hezkuntza arloan eskumena duen erakundeari, horrenbeste kezkatzen gaituzten gauzak?

Alde batetik, interneten fenomeno honek, enpresa erraldoi batzuren sorrera ahalbidetu du. Enpresa hauek zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte, bainan hasiera batean jendea erakartzeko eta zerbitzu horien beharra sortzeko, dohainik eskaini zituzten, eta orain, horixe espero dugu. Beraz, enpresa hauek, bere zerbitzuen truke, diru-etekinak ateratzeko sistema berri bat asmatu dute: Zerbitzu bat ematen digute, itxuraz doan, baina gure arreta da trukean ematen duguna. Enpresa multinazional erraldoi horiek, gure arreta saltzen diete ordaintzen dutenei. Era horretan batzuk gure arretaren truk ordaintzeko prest daudenez, besteek ahal dutena egiten dute gure arreta, ahal duten denbora luzeenean lortzeko. Prozesu guzti horrek, gu, ustez dohaineko zerbitzu baten hartzaile zorte dunak, merkatu erraldoi eta ulertezin bateko ekoizkin edo produktu bihurtzen gaitu.  Hau gertatzen da adibidez: sare sozialetan, baina baita beste era bateko hainbat programetan ere.

Ondorioz, sare sozial horiek gure arreta bereganatzeko lan horretan, ain dira onak, gaur egun ohiko bihurtu baita, lagun koadrila bat bildu eta denak beraien telefonoei begira egotea. Natura, kirola, lagun artea gero eta urrutiago, galduago dauzkagun honetan, eskuko telefonoak, komunikazio tresna ain indartsua den horrek, elkarrengandik urrutiratzen gaitu.

Eskuko telefonoak gainera, ain bihurtu dira garrantzitsuak gazteen bizitzan, ez edukitzeak edo punta-puntako gaitasunak dituena ez edukitzeak, arrakala nabarmena sortu bailezake zaurgarrienen artean. Edo dagoeneko, baliabide ekonomiko txikiagoak izateagatik, arrakala ekonomikoak sortutako amildegiaren behealdean daudenei, ezinezko gertatzen zaie, teknologiak sortutako beste arrakala honi ihes egitea. Eta hori ez da onargarria eskolan, edozeinentzako eskuragarri ez den baliabide batek, arrakala berriak sortu besterik ez du egiten. Amildegiaren behean betiko berak egoten direlarik.

Bukatzeko, adin horretan eta eskolaren barruan, oso larria den gauza bat gertatzen da eskuko telefonoen, sare sozialen eta kontu guzti horien harira. Gaur egun, eskuko telefonoak, jazarpena eragiteko tresna gisa ere erabiltzen dira. Gazteek beraientzako garrantzitsuak diren gauzak, irudiak, elkarrizketak, partekatzen dituzte, gauza horiekin egin daitekeen eta batzuetan egiten den, erabilpen txarraz ohartu gabe. Eskolak, jazarpenaren aurrean, gune seguru bat izatea nahi dugun honetan, horrela adierazten du hezkuntza sailak bere protokoloetan, ezin du horrelako inpunitate espazio bat libre utzi. Gainera, gurasoekin sortzen diren komunikazio zailtasunak eta elkar ulertu ezinetan, eskuko telefonoa ez dator laguntzera, bazterrak nahastera baizik.

Beraz, helduok ere ondo erabiltzen ez dugun tresna hau, inongo gidaritzarik gabe, gure seme-alaben eskuetan ain arriskutsua denez, 16 urtera arte, derrigorrezko hezkuntzan, debekatuta egoteari oso egoki deritzot.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina