2020/10/03

Emakumeen aurkako sexu-erasoak saihesteko kanpaina

 

Lasarte-Orian, 2020ko urriaren 3an

Jaiak Berdintasunez elkartea                                     

Emakumeen aurkako sexu-erasoak saihesteko kanpaina

 

Herritarrok:

Berriz ere badatoz herriko festak eta gure elkarteari dagokionean, kezka sortzen duten datak dira hauek. Azkeneko urteetan, berdintasunaren aldarrikapena eta jazarpen egoeren arbuiatzea, gauza normala izatea lortu dugu. Inork ez ditu, ezta broma moduan ere, emakumeenganako sexu erasoak eta jazarpen egoerak ontzat hartzen. Baina horrek ez du esan nahi, eraso horiek desagertu direnik. Zori txarrez, Euskal Herrian, 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen %32 kalean bakarrik ibiltzearen beldur dira.

Horregatik, berriz ere gogora ekarri behar dugu arazo larri hau. Konturatu behar dugu, neurri batean edo bestean, era batera edo bestera, denak garela biktima. Izan gaitezke eraso bat jasaten duen emakumea edo bortxaketa baten biktima. Baina horretara iritsi gabe, begirune falta bat, irain batzuk, edo agian leku jendetsu batean ukituak jasateak ere jazarpenaren biktima bihurtzen gaitu. Ze esanik ez, neska gazte baten gurasoa, bikotea edo laguna bagara. Azkenean ulertu beharra daukagu, arazo larri honek, denak bihurtzen gaituela biktima.

Gizarte osoarena den arazo honi, konponbide bat jartzeko beraz, gizarte osoaren laguntza eta konpromisoa behar ditugu. Hasteko, arazoa begi bistan jarri behar dugu, kalean lasai ibili ezin duten emakume guzti horiei gure babes esplizitua eta agerikoa eskaini behar diegu. Horregatik, berriz ere, festa hauen barruan, elkarretaratzeak, pankartak, pegatinak eta antzeko ageriko elementuak, denok erabili behar ditugu, denok esan behar diogu munduari, gizartearen gaitz hau, orban hau, desagerraraziko dugula.

Baina badago gauza bat, denok egin dezakeguna eta hain agerikoa ez dena: gure harreman estuenetan,  binakako elkarrizketetan, koadrilarekin parrandan, ezagun artean elkar harrotzen dugunean, ez ditugu zenbait jarrera onartu behar! Lagunarteko elkarrizketa horietan esaten direnak, gure pentsamenduak balira bezala, ezin dira ekintzak balira bezala epaitu. Baina emakumeek bizi duten egoera latza kontuan hartuta, gizonezkook gure barru-barruko pentsamendu eta jarrera horiek aztertzen hasi behar dugu.

Pentsamendu, jarrera, esaera, esamolde, horietan, aurkitzen du babesa erasotzaileak!!!

 

 

Jaiak Berdintasunez

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina