2020/10/21

ZENBAT ETA ZABOR GUTXIAGO, HOBE.

Geologoak, lurra aldi berri batean sartu dela esaten hasiak daude, eta aldi berri hau ez da meteorito baten, edo denak batera, erupzioan hasitako mila sumendiren ondorioz sortu. Aro berri honi, antropozenoa deitzen diote, klima-aldaketa antropiko batek (gizakiak eragina) eman diolako hasiera.

Lurraren, gure bizilekuaren, garai berri hau, inoiz baino azkarrago gertatu da. Azken 70 urte hauetan, era bateko gizarte kontsumista bat osatu dugu, erosi, erabili eta bota, erlijioaren jarraitzaile egin gaituena. Gainera, epe horretan, munduko biztanleria bikoiztu egin da, ondorioz, gure elikagaiak ekoizteko, lur zoruaren zati handi batean landaredia aldatu dugu, biodibertsitatea kaltetuz. Itsasoetako arrainen bizitzan ere eragin handia sortzen dugu, ur edangarriaren erdia kontsumitzen dugu, baina elikagaiez gain, kontsumitzen ditugun ondasun guztiak ekoizteko, lehengaiak xahutzen ari gara.

Guzti hori nahikoa ez balitz ere, horrela bizitzeko, eta kontsumitzeko, energia pila bat behar da eta energia horren gehiengoa ere, oso era zikinean lortzen dugu, erregai fosilen bitartez. Ondorioz, Karbono pila bat ari gara metatzen gure atmosferan eta aldaketa klimatikoaren bidean jarri dugu gure lur maitea.

Kalte guzti hauek ordea, gure esku-hartzetik urruti geratzen dira. Nola eragingo dugu, super-populazioan, biodibertsitatearen galeran edo energia-politiketan, eta ostruka batek egingo lukeen bezala, burua gorde eta ezikusiarena egiten dugu. Baina badaukagu arazo bat gure inguruan, gure etxeetako atarian eragiten diguna, zaborra. Horrenbeste gauza ekoitzi, horrenbeste kontsumitu eta horrenbeste bota, azkenean gure etxe ondoko zabortegiak bete ditugu eta arazo bihurtu zaigu.

Zabortegi-sistema, bai ikuspuntu ekologikotik, baita ekonomikotik ere, kudeatu ezina bihurtu zaigu. Arazo horri aurre egiteko, bide ezberdinak dauzkagu: Balorizazio energetikoa: energia sorkuntzan erregai bezala erabiltzea alegia; birziklatzea: horrela lehengai batzuk, berriro ere ondasunak ekoizteko berreskuratuz; edo berrerabiltzea: orain dela hamarkada batzuk, birziklatze kontuak asmatu aurretik erabiltzen zena, gaur ia erabat baztertua. Baina denak erabiliko bagenitu ere, ez genuke zaborraren arazoa guztiz konponduko.

Beraz, gure belaunaldiari egokitu zaiona, azkeneko 70 urtetan hazi eta hazi aritu ondoren, txikiagotzea da, gure kontsumo ohiturak gutxitzea, sortzen dugun zabor kopurua urritzea. Badakit, nire ustez egia borobila eta uka ezina den hau, jende askorentzat gezurra dela, onenean esajerazioa, bainan kontuan eduki, lurrari gertatzen ari zaiona, meteorito baten talkaren parekoa da (hori diote zientzialariek), ondorioak ere tamaina horretakoak izango dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina