Zezenketek, antropologikoki esanahi argiak dituzte: gizakiek janaria lortzeko izaten zuten borroka; gorpuzkeraz handiagoa eta indartsuagoa zen animalia bat menderatzea, azkarragoa zena erakutsiz; azken batean, gizonaren nagusitasuna aldarrikatzea. Ohitura hauen hasieran, janaria lortzea izango zen arrazoia, baina, jendearentzat erakargarria zen ikuskizun bat ospatzea bihurtu zen arrazoi nagusi erromatarren garairako.
Espainian berriz, azkeneko mende honetan politikoki bizi izan duen egoera bereziegatik: gerrate zibil baten orbainak, diktadura baten ondoriozko gabeziak, eta abar; zezenketa horiek, naziotasunaren ikur bihurtu dira. Gainera, arestian esan bezala, egoera politiko zapaltzaile horrek, kultura-sortzaile eta pentsalari asko, herritik kanpora bidali zituen eta beste asko isilarazi. Erregimen hark beraz, kulturaren ikur bezala erabili izan zituen zezenketak. Oso komenigarria zen, ikuskizun horretan nabarmentzen ziren artistak, pobreak eta kultura gutxikoak izaki, ez baitzieten agintariei burukominik sortzen.
Euskal Herriari dagokionean, erregimen horrek zanpatutako herri bat izanik, Espainiar naziotasunaren ikur zen hori, ez zen begi onez ikusten. Garai hartan erbesteratuta bizi zen Eusko Jaurlaritza, onenbestez, zezenketen kontra zegoen. Eusko Alderdi Jeltzaleak, garai hartan, irizpide garbiak zituen zezenketek buruz, erabat aurka zegoen, nahiz eta neurri handi batean, aldagai politikoengatik izan, ez animaliak erailtzearen kontra egoteagatik.
Azkeneko 70 urteetan, industrializazioarekin batera, garai modernoetan sartu gara eta pertsonon pentsamoldea ere asko aldatu da alor ugaritan. Aldatu den gauzetako bat, animalien eskubideen onarpena, aldarrikapena eta arautzea izan da. Dagoeneko, orain belaunaldi bat, onargarriak eta festaren parte ziren hainbat portaera, gaur egun debekatuak daude.
Espainian ere, pauso ugari eman dira bide honetan, hainbat festetan, animalien tortura eta erailketa publikoa debekatuz: “el toro de la vega”, auntza kanpandorretik botatzeko ohitura; edo Euskal Herrian bertan: Lekeitioko antzarak, oilasko jokoak, ahari jokoak edo soka muturrak. Harrigarriki, zezenketen ohitura ez da debekatu! Horren ordez, kultur ondare tituloa eman zaio, “FIESTA NACIONAL” horren zilegitasuna, inork zalantzan jar ez zezan.
Zori txarrez, Euska Herrian ere, etxekotu egin dugu ohitura anker hau. Hainbat herri eta hiritan, pentsaezina da zezenak debekatzea, zer esanik ez Nafarroan. Gainera, alderdi politiko abertzale nagusia, zezenketen kontra egotetik, hauen defendatzaile sutsu izatera pasa da. Guzti horregatik, zaila izango da epe motzean, Katalunian hartu zena bezalako erabaki bat, gurean errepikatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina