Gipuzkoa leku estrategikoan dago, Pirinio mendikatearen amaieran. Mendixka leun batzuk baino, ez dute oztopatzen, Europa eta Iberiar Penintsularen arteko bidea, bide batez, Afrikaraino luzatzen dena. Aspaldikoak dira, Atila eta Unoen gudalostea Mundua konkistatzeko bidean, hemendik pasa zireneko kondairak. Bestalde, betidanik jakin izan dute, bidean dauden herriek, pasatzen denari bere ordainsaria kobratzen.
Dudarik gabe, hau ere merkatuaren legeak gobernatutako gai bat da. Leku batetik pasatzearen ordainsaria, garestia edo merkea izan daiteke, eskaintzen duenaren eta beste aukerarik ote dagoenaren arabera. Gipuzkoa, hain leku egokian egoteak, beste aukera, itxuraz merkeagoak, garesti bihurtzen ditu, hainbat arrazoirengatik.
Hori ona da itxuraz. Izan ere, hainbat garraiolarik, bidesaria garestia irudituagatik, bide hau aukeratzen dute. Bidea leunagoa delako, azkarragoa delako, zerbitzu onak dituelako, edo oso polita delako. Baina horrek badu bere alde txarra. Izan ere, errepideak egoera onean mantentzea, eta ibilgailu hazkundearen aurrean, behar berriei erantzuteko inbertsioak egitea, oso garestia da, errepide horiek kudeatu behar dituenarentzat.
Bestalde, gure lurralde honetan, azkeneko 100 urteetan, tren bidezko garraioa erabat gutxietsi da. Duela mende bat, Gipuzkoak, orain baino askoz ere trenbide sare zabalagoa zuen. Baina gure Diputazioak, trenbide sare horri, zaharkitzen utzi dio, ez du berritu. Alderantziz, ibilbide asko desagertu egin dira. Beraz, orain, gaiak Euskal Herrian mugitzeko modu bakarra, errepidea da.
Egoera honen aurrean: Garraiatzeko bide bakarra errepideak izatea eta ibilgailuen hazkundea, Diputazioak etengabe dihardu, bideak konpontzen eta inbertsio berriak egiten. Dagoeneko konturatzen ez bagara ere, errepide azkarrez inguratuta bizi gara, guk oraindik, leku berde eta menditsu batean bizi garela pentsatzen badugu ere. Egoera guzti honetan, politikariek erabaki behar duten kontu bat, gastu guzti horiek nola ordaintzearena da. Eta bi bide daude: Hemen Bizi garenok ordaintzea, edo, erabiltzen dutenak ordaintzea. Badirudi, Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duen EAJk, erabaki hori aspaldi hartu zuena.
Beraz, garraiolarien bizkar joango da, bide berrien eraikuntza eta zaharren egokitzea. Garraiolarien egoera ordea, ez da erraza. Aberastasuna, egun batetik bestera, oso aberatsak diren gutxi batzuen eskuetan geratzen ari den honetan, ez dira langileentzat garairik onenak.
Hori da ain zuzen ere garraiolarien egoera. Are nabarmenago autonomoen kasuan. Izan ere, enpresa handi batean lan egiten duen gidaria, ez dago ondo gaur egun, baina berak bere soldata irabazten du, bere dirua edo ondasunak arriskatu gabe. Autonomo batek berriz, egunetik egunera xumeagoa den soldata bat irabazteko, bere ibilgailua, bere zergak eta gainontzeko gastuak ordaindu behar ditu, eta gero lana topatu.
Beraz, ez da harritzekoa, bertakoa izanda, zergak berez Gipuzkoako Diputazioari ordainduta, lan-aste gogor baten ondoren etxera iritsi eta bidesari bidegabe bat ordaintzeak, haserrea sortzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina