2020/12/08

GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN

 Lasarte-Orian, 2020ko Azaroaren 29an

Bigarrenez, 2018an bezala, aurten ere EUSKARALDIA ospatzen ari gara Euskal Herri osoan, eta zergatik ez, mundu osoan. Duela urte gutxi batzuk, euskararekin eta batez ere bere erabilerarekin kezkatuak zeuden hainbat pertsonek, irudikatu, eta aurrera eraman zituzten, ariketa ezberdinen ondorioa dugu EUSKARALDIA.

2015ean, Lutxo Egiak, Bilboko bere auzoan, hilabetez euskara bakarrik erabiliz bizitzeko saiakera egin zuen aurrena. 2016an, Donostiako Egia auzoan, “Egian euskaraz bizi nahi dugulako” ekimena egin zen, astebeteko txandatan, euskaraz bizitzeko saiakera eginez. Urte berean Agurainen ere, “Agurainen 75 ordu euskaraz” ekimena egin zuten. Lasarten berriz, euskararen 9. Maratoiaren barruan, 40 egunez luzatu zen ariketa eta han sortu ziren lehenengo aldiz “belarriprest” eta “ahobizi” rolak.

Gero, 2018an, Euskal Herri mailako ekimena lehenengo aldiz ospatu zen, eta arrakasta handiz gainera, 225.000 pertsonek eman zuten izena. Aurten berriz 2. EUSKARALDIA ari gara ospatzen, hau ere arrakasta handiarekin, Covid-19 izurriteak eragin dituen arazoak arazo.

Aurtengo Euskaraldiko berrikuntza, ariguneen sorrera izan da. Ahobizi eta Belarriprest horiek, lasai euskaraz hitz egiteko guneak eduki ditzaten, baina batez ere, hizkuntza ohituren aldaketa, talde egonkorretan ere bultzatzeko.

Nik gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo nukeena, zer izango litzaken berriz? Nik dagoeneko pentsatua daukat hori. Nire ohiko bizitzan, nire egunerokotasunean, nagusiki euskaraz bizi naiz, euskaraz dakitenekin noski! Gainera, aspaldidanik, ezagutzen ez dudan jendearekin, lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen naiz. Zailtasunik handienak, ezagutzen ditudanekin topatzen ditut, berez euskaldunak izan, baina elkarrizketan erdarara jotzen dutenekin.

Horiekiko hizkuntza jarreran, egin nahi ditut nik aldaketak etorkizunean. Elkarrizketa asimetrikoaren kontzeptua, Euskaraldi honetan hasi naiz entzuten eta konturatu naiz, euskaraz ulertu bai, baina erabiltzen ez duen horrekin geratzen zaidan irtenbidea hori dela. Alegia, nik ezin dut inor euskara erabiltzera behartu, baina ulertzen badit, nik euskaraz hitz egin diezaioket.

Asmo hori aurrera eramatea ez da erraza. Pello Jauregik elkarrizketa batean zioen bezala, gure psikeak, elkarrizketa simetrikoak, elebakarrak nahiago ditu. Beste era batera esanda, gu ez gaude ohiturak elebiko elkarrizketetara. Horregatik, asmoa, xedea, intentzioa, hori lortzea da. Pertsona ezagunekin ditudan inertziak ere kontra edukiagatik.

Jua Luis Eizmendi



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina