2020/10/13

Jostailu-etxe bati gutuna: JOSTAILU-KATALOGOETAN, SEXISMOA NAGUSI.

 

Mikel Ona

Kale Nagusia z/g

Donostia

ALAI Jostailu-etxea

Arduradunari zuzendua

Donostian, 2020ko Urriaren 14

Jostailu-katalogoetan, sexismoa nagusi.

Arduradun Jauna,

Gabonak gerturatzen ari zaizkigun urte-garai honetan, gure etxeetako txikienek, ilusioz eta esperantzaz beteta bizitzen dituzten une alai hauetan, zuen jostailu-etxeko katalogo bat iritsi da gure postontzira. Egia esan, gu haurrak ginenean (dagoeneko aitona bainaiz) ez geneukan horrelako aukerarik eta ez genuen horregatik ilusio gutxiago izaten, baina gaur egun, denak presaka bizi gara eta jostailuak erosteko ere ez dugu denborarik hartzen.

Horregatik, zuen jostailu-katalogoa jasotzeak poza eman zidan, izan ere, arestian aipatu dudan denbora-falta alde batetik, eta gaur egun gaztetxoek nahi eta behar dutena ez ezagutzea bestetik, gaur egungo aiton-amonek ez daukagu lan erraza, Olentzero edo Errege Magoak ordezkatzeko lan honetan.

Zuen jostailu-katalogoari begiratu bat ematen hasi naizenean ordea, nire barrunbeak uzkurtu zizkidan ikusi, edo zuzenago esanda, antzeman nuen sexuen erabilpen okerrak. Orain dela 70 urte, gizonezkook rol jakin bat genuen bizitzan eta emakumeek beste bat. Gauza jakina zen. Nik lantegi handi batean lan egiten nuen, eta han, ni lanean aritzen nintzen tailerrean, gizonezkoak bakarrik aritzen ginen, ondoko tailerrean berriz, emakumezkoak bakarrik. Guzti horrek berarekin zekartzan beste hainbat gauza txar.

Belaunaldi bat baino gehiago daramate emakumeak borrokan, beraien baldintzak hobetzeko, duintzeko, gizonenekin parekatzeko. Bide batez, ikusgarri bihurtu da, zenbait etxetan dagoen generoen arteko bortxakeria, amaierarik ez duen gizarte honen minbizia. Guzti hau, gure hurrengo belaunaldietan aldatuko den esperantzarekin begiratzen dugu, baina konponbidea zein den oso ondo jakin gabe.

Baina zergatik hain azalpen zabala, jostailu-katalogo baten kontura? Ba orain, nire ilobekin denbora gehiago pasatzen dudan honetan, konturatua nago umearen heziketan eta gizarteratzean, garrantzia handia dutela jostailu eta jolasek. Guk jolasak erakusten dizkiegunean eta jostailuak eskuragarri jartzen dizkiegunean, genero ezberdinen rolak ere banatzen dizkiegu eta era honetan dagoeneko aipatu ditugun arazoak betikotzen ditugu. Alderantziz rol horiek, sexuen arabera banatzen ez baditugu, generoen arteko bizikidetza arazo larrien konponbidean, pauso txiki baina garrantzitsu bat eman dezakegu.

Guzti honegatik, eskari xume batekin natorkizu: Berez, ez dago jostailuak aldatu beharrik, erabilpena baizik eta jostailu-etxeek, jostailuak generoen arabera ez sailkatzea da egin dezakezuen gauza bakarra. Gutxi dirudi, baina asko litzateke. Rol jakin batzuk genero bati esleitzea da oker dagoena, ez jostailua bera.

Beraz, gai hau arreta handiz aztertzea eskatuko nizueke.

Aldez aurretik zuen arreta eskertuz,

Mikel Ona

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina