Lehendik ere izango zen, kirolean emaitza hobeak lortzeko, droga ezberdinak erabiltzen zituenik. 90. hamarkadaz geroztik ordea, dirudienez, dopina asko zabaldu da eliteko kirolarien artean. Adibidez, oso entzutetsuak izan dira hainbat txirrindulariren kasuak, jarraitzailearen imajinazioan, kirol horretan dabiltzan kirolari guztiak susmopean jartzeraino. Zer esanik ez, atletismoan gertatutakoak. Baina kirol guztietara zabal daiteke joera hau, nahiz eta beraien jarraitzaile kopurua hain handia ez denez, ez diren hain entzutetsuak izan.
Erabiltzen diren sustantziei dagokienean, aldatzen joan dira urteekin, gure gizarteak hobekuntzarako, eta arazo berrien aurrean, sorkuntzarako duen gaitasuna erakutsiz. Hasiera batean estimulatzaileak erabiltzen ziren, gero gorputza hindartsuago egiten laguntzen zuten estaroideak, baina biak ere, odol analisietan oso nabarmen azaltzen zirenez, erraza zen “tranpa” egiten ari zena arrapatzea. Ondoren ormonak etorri ziren, gorputzak berez dituen zenbait gaitasun indartzeko, eta gaur egun, seguruasko, besteren bat erabiliko da, idazten duen honek ezagutzen ez duena.
Ondorioei dagokienean, batzuk oso agerikoak eta latzak dira: estimulatzaileak erabiliz, bizikletaren gainean ahalegin betean ari zela, hil zen txirrindularitik hasi eta anabolizanteak erabiltzeagatik, beraien gorputzak erabat hondatuta utzi dituzten hainbat kirolariretaraino. Baina drogek kirolean oroar egin duten kaltea da larriena, ez bait die dopina erabili duten kirolariei eragiten, etorkizuneko kirolariei baizik, gaur egungo gaztetxo eta haurrei: kirolean arrakasta izateko, dopina beharrezkoa denaren sinismena.
Kirolaren balioak galdu egin ahal dira?
Kirola beti egon izan da lotua, hala beharrez, hainbat baliorekin: esfortzua eta bakoitzaren mugak gainditzeko ahalegina alde batetik. Izan ere, ahal degun guztia egiteko ahalegin hori, gure esku dago; Lehia garbia bestetik, eta horrekin lotuta, aurkariarekiko begirunea, helburua ez baita edozein eratara irabaztea, bestearekin gure indarrak nehurtzea baizik. Bestearen ahaleginari esker, gure lorpenak ere balio gehiago baitu. Beraz, kirolean aurkaria menderatzeko, drogak eta trikimailuak erabiltzea, balio hoien kontrakoa da.
Zer gertatu da kirolariek, dopinaren bidea aukeratzeko?
Aurrena bururatzen zaiguna, kirolarien irabazteko grina da, baina horrek ez dauka zentzu gehiegi, orain dela 50 edo 60 urte ez zuten grina gutxiago, baina orduan ez zen normaltzat jotzen drogen erabilpena. Beste batzuen ustez, enpresen irabazi grina da kirolariak bultzatzen dituena eta nire ustez ez zaie arrazoirik falta. Baina arrazoi indartsuago bat ikusten dut atzean: kapitalismoa eta etengabeko hazkundean oinarritzen den gizarte honen erakuslea besterik ez da kirol munduan gertatzen ari dena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina