Dagoeneko 8 urte dira Katalunian zezenketak debekatu zirela, 2012an hori erabaki zen, herri ekimenaren bidez 180.000 herritarren atxikimendua jaso, eta eztabaida legebiltzarreraino eraman ondoren. Animalien eskubideen aldeko zenbait taldek, ekimena Euskal Herrira zabaltzeko asmoa dute, hemen ere gaia legebiltzarreraino iristea lortuko balute, zezenketak debekatuko liratekeela sinistuta.
Eztabaidaren ardatza, animaliekiko tratu txarrak eragitearena da. Inoiz zezenketa bat ikusi duen inork, ezin du ukatu, zezenei sufrimendu ikaragarria eragiten zaiela zezenketa batean. Ikaragarria da, inoiz inori minik egin ez dion animalia batek jasaten duena: zezen plaza batean jendaurrera ateratzen dute hiltzeko, ez diote heriotza azkar eta sufrimendurik gabea ematen eta gainera, bere min, beldur eta ulertezintasun egoera hori ahal aina luzatzen dute, toreroak lan “ikusgarria” egin ahal izateko.
Batzuk, artearen izenean defendatzen dituzte zezenketak, zezenketa bera arte bat dela esanez, bere estetika duena. Arte horren ardatza, arau batzuen arabera, gizonak animaliaren kontra izaten duen borroka bat izango litzake, bukaeran ezinbestean, heriotza dakarrena. Baina “borroka” hori, benetan ez da borroka bat: zezenak ezin du erabaki borroka hori nahi duen edo ez, ez non egingo den, gizakiak berriz, dena prestatua dauka, laguntzaileak eta tresnak. Baina lotsagarriena, borroka izeneko hori, ikuskizun bihurtzea da, zezena biktima errugabea den, torturatze eta hiltzearen ikuskizuna.
Tradizioa ere erabiltzen da defendatzeko argudio bezala. Betidanik egin izan den gauza bat izateak, irauteko berezko arrazoi bat emango balio bezala. Baina arrazoitze ildo honek ere, hankak motzak ditu: arrazoi horiekin, bidegabekeria eta giza legearen kontrako gauza asko defenda daitezke gaur egun zentzugabeak iruditzen zaizkigunak. Bere garaian ahari-jokoak edo oilasko-jokoak bukatu ziren bezala, zezenketak ere amaitu daitezke, dudarik gabe hasieran kontra egongo den jendea izan arren.
Beste batzuk, zezenketek sortzen dituzten lanpostu eta interes ekonomikoak ere aipatzen dituzte. Egia da zezenketen inguruan diru mugimendua sortzen dela, norbaitek aberastasuna esango diona, baina ez gaitezen engainatu, diru mugimendu horren parte handiena eta zezenketak bizirauteko ezinbestekoa gainera, publikoa da. Denon zergetatik datorren diruari esker irauten dute zezenketek.
Aurretik esandako guztiak nahikoa ez balira, zezen plazak gero eta hutsagoak daude, gaur egungo gizarteak ez baitu horrelako ikuskizun bat ulertzen. Guzti horregatik, gizarte osoak erabaki beharreko gauza bat da zezenketen iraupena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina