2020/09/25

Laneko JAZARPENA, AGERI DENA BAINO GEHIAGO


Aspaldidanik, kezka eragiten duen gai bat da laneko jazarpena. Arazoa aztertzen hasita, bururatzen zaigun galderetako bat, zergatia da. Jazartzaileak zer lortu nahi du? Helburu jakin batekin egiten al du? Galdera horien erantzunetan baitaude jazarpenaren arazoa aztertzeko, eta agian konpontzeko, gakoak. Agian, bere langileen lana kontrolatzeko teknika bezala erabiltzen dute, edo, sortutako ezintasun edo frustrazioak deskargatzeko modu bezala. Edozein kasutan, garbi dagoena da heziketa arazo bat dagoela guzti horren atzean, bestea gutxiesteko, eta bere burua gainetik jartzeko behar bat.
Zoritxarrez, edozein langilek jasan dezake horrelako egoera bat. Bezero bat ere izan daiteke jazarpenaren eragile, hau ohikoena ez bada ere, %6 inguru. Azpi-mailako lankide bat, menpekoa  den bat ere, izan daiteke erasotzaile, hau ere gutxitan gertatzen den arren, beste %6 batean. Maila bereko lankideen artean pixka bat zabalduagoa dago, jazartzaileen %15 dira maila bereko lankideak. Baina gehienak nagusiak dira, hierarkiak nahiko tresna emango ez balizkie bezala, edo agian hierarkiak babesten dituelako, erasotzaileen %73 maila altuago batean dauden lankideak dira.
Jazarpen hori modu ezberdinetan gauzatu daiteke: oihuak, Irainak eta mespretxuak dira burura lehenengo etortzen zaizkigunak, baina modu gehiago ere badaude. Bete ezin diren epeak ezarri eta gero bete ez direlako errita egitea edo inguruan dauden lankideak lanez gainezka egon arren, lanik ez ematea...
Egoera guzti hauek, babesgabetasun sentipen bat sortzen dute eta erasoa jasaten duen pertsona, defendatzeko eta irteerak bilatzeko gaitasunik gabe uzten dute. Horregatik bi bide dauzkagu arazoari aurre egiteko: Epe luzekoa, hurrengo belaunaldiei eragingo diena., eta epe motzekoa, orain arazoa jasaten ari direnei lagundu beharko liekena.
Epe luzeko bide horrek, hezkuntzarekin dauka zerikusia, bortizkeria baztertzearekin, komunikazio ez-bortitza lantzearekin. Gainera edozein jazarpen mota baztertu behar du: lanekoa, emakumeen kontrakoa, arraza edo jatorri ezberdinen kontrakoa, sexu-joera ezberdinen kontrakoa eta abar.
Epe motzeko konponbidea berriz, gure esku dago, pertsona bakoitzaren esku. Gazteei eskolan esaten zaien bezala, geldi dagoen ikusle bat, ez da neutroa. Jazarpen egoera baten aurrean beste aldera begiratzen badugu, gu ere erasotzaile bihurtzen gara. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina