Kezkatuta daude osasun agintariak, Espainiako Estatuan dauzkagun lo egiteko, edo zuzenago esanda, lo ez egiteko ohiturekin. Dena neurtu eta alderatu egiten den garai honetan, estatistikak medio, badakigu bataz beste zenbat denbora pasatzen dugun telebista aurrean, ze ordutan eta ondorioz, nola eragiten dien horrek lo-ohiturei, eta abar. Gainera, gure tankerako beste herrialde batzuekin alderatuta, datu horiek hobeak edo okerragoak diren ere badakigu eta ondorioz, poztu edo kezkatu egiten gara.
Nik urte mordo bat daramat Euskal Herrian bizitzen, eta hasieran kosta egin zitzaidan hemengo ordutegietara ohitzea. Hemen nire jaioterrian baino askoz ere beranduago bazkaltzen zen, askoz ere beranduago afaltzen zen, parrandak ere beranduago hasten, eta ondorioz, amaitzen ziren eta orokorrean, nire ustez, klimarekin eta geografiarekin zerikusia zuten ohitura eta ordutegi ezberdin horietara ohitu behar izan nuen.
Orain berriz, herrialde ezberdinetako ohiturak alderatu eta osasuntsuena zein den erabaki du norbaitek. Egia da, ezin da ukatu, egunero ordubete gehiago lo egitea, beste azalpenik gabe osasuntsuagoa dela, hala dirudi behintzat. Bainan zer dago horren atzean? Agian berez ere, egun motzagoak eta negu luzeagoak dituen lurralde horietan, lo gehiago egingo zuten betidanik. Egun luzeagoak eta klima gozoagoa zuen beste lurralde batzuetan, jendea kalera irten eta etxeratzeko presarik gabe bizitzen zen bitartean.
Beraz zein da benetan gakoa, osasunarentzako egokiagoak diren ohiturak ezartzea? edo denen ohiturak berdindu nahia? Izan ere, komunikabideak, enpresak eta batez ere interes ekonomikoak globalizatu diren honetan, badirudi “normala”, berdinaren sinonimo bihurtu dela. Denek egiten duten hori egiten ez baduzu, ez zera “normala”. Janaria, arropa, teknologia, musika, dena dago mundu mailako merkatu horretan salgai eta ohitura ezberdinak dituenarentzat, konponbide bat aurkitzen dugu.
Azken batean, tristea iruditzen zait, etxebizitzaren arazoa, inmigrazioarena, genero indarkeriarena edo askoz garrantzitsuagoak diren beste hainbat arazo konpondu beharrean, telebistako ordutegiena, eta horrek lo-ohituretan duen eraginarena izatea, agintarientzat, gai garrantzitsu bat. Esan dudan bezala, Euskal Herrira etorri nintzenean, kosta egin zitzaidan ordura arte ikasitako ohiturak aldatzea. Nire lagun eta familiakoek, leku “okerrago” batera nihoala esaten zidaten. Baina ni herrialde “hobeago” batetik etorri eta emen geratu nintzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina