2021/10/07

C2ko idazlana 2021-10-05

 

Mainanan, 2021eko urriaren 5ean

 

Kaixo Adrian:

 

Aspaldiko partez, nire euskara ikasketen berri emateko gutun hau idaztea bururatu zait. Nire ikasle garaian irakasle kuttunenetakoa izan zinelako, eta azkena hitz egin genuenean, berriz ere ikasten hasteko gomendioa eman zenidalako. Gazteago nintzenean, nire nahiak, gidabaimena lortu  eta kotxe bat erostea, lagunekin ondo pasatzea eta horrelakoak ziren. Zorioneko EGA lortzeko ordea, ez nuen beharrik sentitzen.

 

Gaur egun berriz, eskola garaian dauden bi haurren aita naiz, eta lehen ikasi nituenak berritzeko beharra sentitzen dut. Alde batetik, beraiei laguntzeko, eta bestetik, eredu izateko.  Gainera, gure gizartearekin eta gure hizkuntzarekin kezkatuta eta arduratuta sentitzen naiz, eta hain egoera gutxituan dagoen hizkuntza nire baitan lantzeko beharra sentitu dut. Beraz, gaztetako utzikeriak, ikasle garaiko zailtasunak, eta orokorrean, inertziak eragiten digun mugitzen hasteko erresistentziak gainditu, eta euskaltegian izena eman dut.

 

Lerro hauek irakurtzean, zure ezpainek irribarre bat marraztuko duten esperantza daukat. Ez ditut inoiz ahaztuko, beste ikaskide batzuk, "tx", "ts", eta "tz"rekin, edo aditzen deklinatzearekin, edo ergatiboarekin borrokatzen zuten bitartean, niri" h" hizkiak eragindako estuasunak. Gaur egun, Iñaki, nire irakasle berriaren laguntzaz, harreman hobea izatea espero dut hizki ditxosozko horrekin!

 

Dagoeneko jaso dugu lehenengo eskola, eta ikaskide berriok elkar ezagutzen hasteko aukera izan dugu. Joan den ikasturtean, C1 egiaztagirirako prestaketa ikastaroa egin nuen, eta egia esan ikasle mota zeharo ezberdina iruditu zait. Hasteko, adinari dagokionean, pertsona helduagoak gaude maila honetan. C1eko prestaketan gaztetxo gehiago zeuden, honetan berriz gehienak zaharxeagoak. Hala beharrez, euskara maila ere beste bat da, baina esango nuke hizkuntza ohitura aldetik ere alde nabarmena dagoela, euskaraz bizi garen koadrila bat bildu garela. Baina gehien gustatu zaidana umorea izan da, oso tarte laburrean ikusi arren, jende umoretsua iruditu zait.

 

Espero dugunaz, eta ditugun beldur eta kezkez ere aritu gara. Ikuspegi horri dagokionean, besteekiko abantaila hartuta hasiko naizenaren itxura hartu diot. Izan ere, nik dagoeneko hartua daukat martxa pixka bat, joan den ikasturtean egindako lanarekin. Beraz, hasiera batean behintzat, erraztasun gehixeago izango dudanaren irudipena daukat. Baina hobe izango dut lo ez geratzea, bestela esaerak dioen bezala, jango dut mehe.

 

Horrela ba, nire aurrerapenen berri emango dizut aurrerantzean ere, eta zugandik jasotako edozein gomendio gustuz irakurriko dut. Garai hartan entzungor egiten banien ere, gaur egun balio handiagoa emango nieke. Azken batean, zure zorroztasunean, asko eskertzen dut orduan egindako ahalegina. Irakasle batek egindako ahaleginek, edozein hitzek baino askoz gehiago erakusten baitute irakasleak ikasle horretatik espero duenaz, ikasle horrekin dituen espektatibetaz.

Honenbestez, laster elkarren berri izango dugulakoan, agur eta ongi izan,

Arkaitz


 

2021/04/22

EHIZA, AFIZIOA, UMETAKO IKASGAIAK. GOIZ BAT EHIZEAN.

 

Peilok, hainbat gauzetarako, heldua ikusten zuen bere burua. Gurasoek etxeko lanetan jartzen zuten bezala, bere burua beste zeregin batzuetan imajina zezakeen. Indarrez, osaba edo aita haina bazen, eskopeta bat erabilia zen lehen ere, zein zen orduan arazoa?

Osaba, maiz joaten zen, bere txakurra lagun, oilagorretara. Oilagorrak ehizatzeak, gauza zirraragarria izan behar zuen. Asteburua joan, asteburua etorri, osaba goizean goiz abiatzen zen, bere eskopeta besotik zintzilik, eta bazkal-garaia izaten zen itzultzen zenerako. Gero bere kontakizunak entzuten zituzten: txakurra, oilagorra antzemanda, geldi-geldi nola geratu zen, hanka bat altxatu eta pausoaren erdian izoztu balitz bezala; osaba, eskopetarekin nola prestatu zen; txakurra, nola xaxatu zuen, oilagorra “altxa” zezan; eta azkenik, oilagorra hegan hastean, osabak nola tiro egin zion. – Begira, hemen dago! tiro garbi-garbiarekin! batere desegin gabe! – eta bere kontakizunarekin jarraitzen zuen.

Gazteak, eskopetetarako afizio gehiago zuen ehizerako baino, baina hori ez zekien oraindik, ehizean apenas ibili gabea baitzen. Berak, balinezko eskopeta bat zuen. Berezia zen. Ehun balin kabitzen ziren kulatan zuen tanga edo depositu batean. Kliskagailu batekin banaka, katuan sartzen ziren. Ondoren, kanoiaren azpialdean zuen zataia, palanka, hiru edo lau aldiz eraginez, haizea presiopean sartzen zen. Eta azkenik, ondo apuntatu edo destatu, eta platt! Geldirik zeuden gauzei botatzea zen bere afizioa: Pote, zuhaitz, matxarda, piku (etxe ondoko pikondokoei), eta abar. Beraz, ehizerako ustezko zaletasuna alde batetik, eta osabaren istorio zirraragarriak bestetik, txango haietako batera joateko gogoa piztu zitzaion.

Aitak ohartu zuen: - ez zoaz jolasera, entzun!? – behatzari eraginez – osabak esandakoa egin! – Gerora jakin zuen gure mutil koskorrak, aitak aurreikusten zuela gerta zitekeena.

Goizeko 6etan egin zuten hitzordua, osabak txakurra eta eskopeta gordetzen zituen, baserri zaharrean. Ez zegoen etxetik urrun, baina larunbat goiz batean, oraindik kalean inor ez zebilela,… beldurra ez, baina halako sentipen arraro bat sortzen zuen. Munduan bakarrik balego bezala. Gainera fresko egiten zuen, ilunbistan baserrirantz zioan bitartean. Baserrira iristean, dagoeneko osaba aztarrika ari zen: eskopeta prestatu, kartutxo egokiak hartu, txakurrari jaten eta edaten eman, ehizera joateko arropa egokiak jantzi, eta abar. Halako batean – goazen! – esan zion, eta abiatu ziren.

Baserritik abiatu eta berehala, bide eta bidezidorrak utzi eta zelai, baso, erreka-zulo eta leku zailenetatik joaten hasi ziren. Nonbait, txori izu hauek, jendearengandik urrun ibiltzea dute maite, eta gaztearen osabak, egia horren jakitun, jendea normalean iristen ez den tokietan ibiltzen zen haien bila. Beraz, eskarmenturik gabeko gazte ezjakina, berari zentzurik gabekoa iruditzen zitzaion kiribil, neketsu, dibertsiorik gabeko  eta bukaezin batean sartu zen.

 Errekasto baten inguruan, lokatzetan murgildu; Sasiak bereganatua zeukan zoko batean, arrastaka ibili; hainbat txarrantxa, azpitik edo gainetik gainditu;… txakurra bera ere sartzeko gai ez zen, edo agian gogorik ez zuen, lekuetan ere ibili ziren gure ehiztari sakrifikatuak. Ez atseden bat hartu, ez hamaiketako xume bat egin,… Goiza, gerla baten antzeko zerbait izan zen gure heroiaren irudipenez.

Gudu hark utzitako arrastoak ere, ez ziren nolanahikoak: Lokatzez zikindua, arropak zartatuak, eskuak eta aurpegia urratuak, eta nekea! Leher eginda itzuli zen, ez zuen gogoratzen inoiz hain nekatua egon zenik!…

Eta animoak!? Lur jota itzuli zen gure Peilo! Goiz osoan ez zuten oilagor madarikatu bakar bat ikusi! Ez tiro bat bota! Ezta eskupeta eskuetan hartu ere! Non zegoen bada ehizean ibiltzeko zirrara? Oilagor bat antzeman eta txakurra zelatan gelditzean, sentitu beharreko emozioa? Eskopeta prestatu eta gure animalia xaxatzeko momentuaren urduritasuna? Osabari, tiro bakar bat bota gabeko goizak aipatzea ahaztu zitzaion nonbait! Oilagorren bila, munduaren bukaerara joan beharra!

Esperientzia haren ondoren, bere burua ehiztari trebetzat zeukan gazte guria, bakezale bihurtu zen. Ezta” tiro-platoan” ere, ez zuen eskopetarik ukitu nahi. Beraz, osabari eskerrak ematen dizkio, ikasgai hura eman izanagatik.

 

2021/04/19

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA, IKASTOLEN PUBLIFIKAZIOA DELA ETA

 


Berria egunkarian 2021eko Martxoaren 5ean, eta lehenago, Argia aldizkarian, “Ikastolen publifikazioa” izenburuarekin argitaratutako iritzi artikulu bat dela eta, sortu den ika-mikari argi pixka bat emateko asmoarekin idazten dut artikulu hau. Ez dut Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen izenean idazten, nire herriko plataforman parte hartzen badut ere, artikulu honek, nire iritzia bakarrik adierazten du.

Hasteko, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak aldarrikatzen duenaz, ezagutza falta edo are okerragoa litzakeena, nahasmena sortu nahia, antzematen da artikulu honetan.

Topaguneak ez du itunpeko sarea desagertzea eskatzen, ezta hezkuntza publikoa, eskainiko den aukera bakarra izatea ere. Bestalde, egia da! Hezkuntza sistemaren pribatizazioak, segregazioa areagotzen duela salatzen du. Arartekoaren ebazpen bat ere badago hori berresten duena. 2018-19 ikasturtean, Ordizian, Hezkuntza Sailak modu irrregularrean jokatu zuen ikasleen matrikulazioari dagokionean, Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan.

Beste kontu bat da, A eta B hizkuntza-ereduak direla eta, irizten duena. Euskalduntzearen zutabe garrantzitsuena, murgiltze eredua izateaz, gaur egun ez dago zalantzarik. Bestalde, sare publikoa, ekinaren-ekinez erakusten ari da, lan hori egitea posible dela! 2021ean, sare publikoak, bere zailtasun guziekin, ikasleen %90a “D” ereduan matrikulatua dauka, kristau eskolak ez bezala. Beraz, euskalduntzeak izan behar badu, itun bat lortzeko bete beharreko konpromisoen neurgailu, sare itundua publikotik oso urrun dago.

Datuak aztertzen hasita, egia da! “Gure hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapetan, ikasleen ia erdiek —%48— itunpeko ikastetxeetan ikasten dute; gehienak Ikastolen Elkartea eta Kristau Eskola eragileen eskupean...”. Baina nabarmendu beharra dago, ikastolen elkartearen eta kristau eskolaren eskupean dauden ikastetxe hauek guztiak, itunduak direla, beraz, diru publikoari esker bizi dira neurri handi batean. Horren truke hartutako konpromezuak ordea, ez dituzte betetzen. Segregazioa, eta gizartean dauden arrakalak konpondu beharrean, sakontzen lagunduz.

Bestalde, aipatutako iritzi artikuluan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, ikastetxe guztiak publifikatzea aldarrikatzen duela adierazten da. Hau ez da zuzena! Topaguneak publifikatzeko aukera irekitzea, publifikatzeko araubide bat izatea, eskatzen du; baina ez da bere aldarrikapenen ardatz nagusia! Sare publiko eta itunduaren artean, segregazio egoera lazgarriari irtenbide bat ematea da, Topaguneak ezinbestekotzat jotzen duena,

Gaur egun, jaurlaritzaren lelo garrantzitsuena: “Euskadi, Auzolana” da. Horixe da, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, aipatutako elkarteei eskatzen diena. Auzolana! Gure herri txiki honetako historia, bakoitzak bere ikuspuntutik irakurri, eta horren inguruan eztabaidatzeari utzi, eta eraiki dezagun gure seme alaben etorkizuna.

Hain zuzen ere, segidan, “…irtenbidea berezko euskal hezkuntza lege berri bat egitea da, non auzolana, herri ekimenak eta hizkuntza murgilketa oinarriak izanda, eredu publikoaren ezaguera desberdin bat ezarriko baita EAEn.” dio, aipatutako artikuluak. Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak, ez du uste lege berri bat berez txarra izango denik, baina ez dirudi lehen arauak eta konpromisoak betearazten ez dituen Jaurlaritzak berak, gero, lege berri batekin, ezer konponduko duenik.

Ondoren, jaiotze tasak eta etorkizuneko matrikulazio joeren inguruko hausnarketa egiten da. Ikastetxe pribatuek, etorkizuna bermatzeko “…jarrera birpentsatu…” beharko dutela adieraziz. Honen inguruan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak, Eusko Jaurlaritza honen jokaera makurra salatu nahi du. Izan ere, 0-3 etapan dauden aukerak pribatizatze aldera, ahalegin nabarmenak egiten ari da: haur-eskola publikoak (partzuergoan daudenak) garestitu, partzuergoan lan-gatazka betikotu, haur-eskola pribatuak diruz lagundu, publikoen matrikulazio kanpainak utzi,… eta abar. Guzti honekin, epe ertain-luzerako ere joera bat sortuz, haur-eskola pribatuetatik, ikastetxe pribatuetarako ibilbidea hobestea.

Bukatzeko “…Euskal hezkuntzaren gaineko legediaren aldaketa da gakoa.” esanez amaitzen du artikulua. Arestian esan bezala, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, legediaren aldaketa baino, borondatea da arazoak konpontzeko behar dena.

Gure hezkuntza-sistemari, bere historiaren ondorioz, ez zaizkio arazoak falta. Horiei, gaur egungo munduak, giza mugimenduek, ezberdintasunek, sortu dituzten beste arazo mordoa gehitu zaizkie. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, denok elkarrekin bidea egiteko asmoz, bidegabekeriak salatu, ezinbesteko iruditzen zaizkionak exijitu, eta azken batean, Auzolana eskatzen du.

2021/03/17

TXIKIZKAKO MERKATARITZA: INDARBERRITZEA ETA ERALDATZEA

Sarrera

Txikizkako merkataritza funtsezkoa da jarduera ekonomikoan, izan ere, ondasun-ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartzen baititu. Alde batetik, erosleari, lortu nahi dituen ondasunak eskura jartzen dizkio, eta haren gogobetetasuna lortzea ahalbideratzen du. Bestetik, ekoizleei, beraien produktua saltzeaz gain,  nahien eta beharren bilakaerari buruzko informazioa ematen diete.

2020 urtean, funtsezko lan hori egiaztatu da. Izan ere, izurritearen ondorioz bizi izan diren unerik latzenetan, oinarrizko ondasunak, beraiei esker iritsi dira etxeetaraino.

Dena den, txikizkako merkataritzak gizartean duen garrantzia, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bide izatea baino askoz sakonagoa da. Sektore honek egiturazko ezaugarri nabarmenak ditu: nagusiki, enpresa txiki eta ertainez osatua dago; lan-intentsitate handia du; enpleguari eta emakumeen ekintzailetzari bere biziko ekarpena egiten dio; lurraldean oso zabaldua dago eta abar. Guzti hau dela eta, txikizkako merkataritzak, lana eta aberastasuna sortzeaz gain, gizarte-kohesioari ekarpen erabakigarria egiten dio.

Sektorearen ezaugarriak:

Arestian esan bezala, txikizkako merkataritzak, berebiziko garrantzia du sozialki, baita lurraldean duen zabalkundeari erreparatzen badiogu ere. Adierazgarria da, sektore honek enplegu sorreran duen eragina. 2018an BPGaren %5,2 sortu bazuen ere, enpleguari dagokionean, 2019ko datuen arabera, langileen %9,8ri eman zion lana. Bi ehuneneko hauen arteko aldeak, agerian uzten du enplegu-bizitasunari dagokionean, sektore honek duen garrantzia. Emakumeen enpleguari dagokionean, are nabarmenagoa dena. Sektore honetako enplegatuen %60,9 emakumeak dira, orotara enplegatuta dauden emakumeen %13 biltzen duelarik.

Enpresa moldeari erreparatzen badiogu berriz, enpresen %98,4k, 10 langile baino gutxiago dituzte. Gainera, enpresa gehienak (%70 inguruk), pertsona fisiko bat dute euskarri, eta %51 emakumeak dira. Ekonomiaren osotasunean, emakumezko enpresaburuak %36,7 diren bitartean.

Bestalde, ez da ahaztu behar, lurraldea lotzeari, kohesioari, ematen diona. Txikizkako merkataritzak, bere saretzearekin, bere langartzearekin, sektoreari , eskaintza eta eskaria elkartzeko beharrezko duen kapilaritatea  ematen dio.

Digitalizazioaren erronka:

Sektore honek, erronka nabarmena dauka bere aurrean, eraldaketa digitala! Eraldaketa honen ezaugarri nabarmenena merkataritza digitala delarik. Arestian aipatu ditugun, sektorearen estrukturazko ezaugarriak ordea, aintzat hartu behar dira enpresek erronka honi aurre egiteko duten gaitasuna baloratzerakoan. Azken hamarkadan, merkataritza digitalak hazkunde ikaragarria izan du, salerosketen bolumena, 6,5 aldiz biderkatu delarik. Horrelako datuek, txikizkako merkataritzak digitalizazioari heltzeko duen beharra agerian uzten dute. Merkataritza digitala ordea, berrikuntza horien zati bat besterik ez da. Enpresen digitalizazioa, teknologia digitalen erabilerarekin dago lotua: merkataritza eragiketak, marketina, bezeroen eta hornitzaileen kudeaketa, komunikazioa eta abar.

Bestalde,  txikizkako merkataritzaren digitalizazioa gauzatzen ari da, hori adierazten dute aldagai ezberdinek: ordenagailuen erabilera, IKTetan espezializatutako langileen kontratatzea edo Interneterako lotura izatetik hasi, eta 3D inprimagailuen erabilera edo big-data datuen analisiraino. Nagusiki, teknologia berri hauek txertatzen ari direnak enpresa handienak badira ere. Zenbat eta handiagoa izan enpresa, orduan eta zabalagoa da IKTen erabilera. 10 langile baino gutxiago dituztenak, handiagok direnetatik oso urrun daudelarik. Eta ez dugu ahaztu behar, txikizkako merkataritzaren sektoreko enpresen %98,4 tamaina horretatik behera daudela.

COVID-19a eta laguntzarako neurriak:

Aintzakotzat hartzeko beste aldagai bat, COVID-19ak eragindako osasun-krisia da. Orokorrean, gizartearen digitalizazio-abiadura azkartu duena. Bestalde, Izurriari eusteko eta ez zabaltzeko hartu diren neurriek, eragin handia izan dute txikizkako merkataritzan, bai salmentetan, baita langileen jardunean ere.

Hainbat neurri hartu dira azken urte honetan: ERTEak, finantza-abalak,  gizarte-segurantzaren hobariak, hartzekodunen lehiaketetan epeak jartzeari eragiten dietenak, eta abar. Helburuak, batez ere bi izanik: kaltetutako langileak babestea, eta enpresei normala ez den, eta behin behineko izango den, egoera honetan irauteko aukera ematea.

Ondorioak:

COVID-19 izurriak, lorratz sakona utzi du txikizkako merkataritzan, genero berdintasunari dagokionean ere ondorio latzak eragin dituena. Enpresa txiki eta autonomo ugari dauzkan sektore hau, oso zaurgarria da horrelako talka batekiko. Guzti horregatik, talka hori leuntzeko asmoarekin, ainbat laguntza eman dira enpresa-sarea babesteko. Helburua, egoera bere onera itzultzen denean, sektorearen indarberritzea azkarra izatea da, eta enpleguaren berreskuratzearen eskutik etortzea.

Baina ez da ahaztu behar, txikizkako merkataritzak, berriz ere hazten hasteko, eraldaketa digitalari eta modernizazioari heldu behar diola, izurriaren aurretik ari zen bezala. Izurriak berak, zantzu guztien arabera, aldaketarako joera azkartu egin baitu. Ondorioz, inoiz baino presazkoagoa da eraldaketa hau.

2021/01/27

ADOPTATU EZAZU ANIMALIA BAT

GUTUN SAIAKERA. TXAKUR ELKARTE BATEK, GIZARTEARI GUTUNA.

Lasarte-Orian, 2021eko urtarrilaren 27an.

Herritar agurgarria:

Antzeko esaldiren bat entzungo zenuen noizbait:  “-Etxera etorri zenean, oso maitea zen!”, “-Aspaldidanik irrikitan geunden gure bizilagun berria iristeko!”, “-Azterketetan oso emaitza onak atera zituen, eta, aginduta geneukan…”, “-Nik txakurrak ikaragarri maite ditut!”, “-Ain zen polita eta maitekorra!”, “-Nire lagunaren txakurrak, kumeak izan zituen eta bat etxera eraman nuen. Oso ondo moldatzen naiz txakurrekin…”, “-Nire ama, egunerokotasunean bakar xamarrik zegoela eta, lagungarri egingo zitzaiola pentsatu nuen.”.

Txakurra etxera ekartzeko arrazoiak hainbat izan daitezke. Beti intentzio onarekin hartutako erabakiak. Ondoren ordea, bizilagun berriari, gure bizimodura eta bizilekura ohitzeko eskatzen diogu. Askotan beretzako egokiegia izaten ez dena: egoteko leku txikiegia, edo lasai mugitzeko behintzat, leku gutxiegi; gure ordutegietara ohitu beharra; bere beharrak egiteko, arau zorrotzak errespetatu beharra, non eta noiz egin; eta abar.

Baina arau eta ohitura horiek, beste batek, txakurrak alegia, bete behar dituenez, ez dirudite gehiegizkoak. Arazoa, gure ohitura eta arauak aldatu beharraz konturatzen garenean etortzen da. Etxeko aldaketak jasan beharra: gizaki berri bat dago, bere usaina duena, ilea galtzen du, mugitu egiten da, batzuetan zerbait zikintzen edo puskatzen du, agian soinua egiten du, eta abar. Beste alde batetik, gure portaera ere garrantzitsua da: Txakurra, neurri batean ume bat bezalakoa da. Gaur zerbait egiten uzten badiozu, bihar ere nahiko du. Berak ez du ulertzen, egun batetik bestera, baldintzak aldatu daitezkeenik. Beraz, guk ere, oso zorrotzak izan behar dugu arauekin. Kalen bere beharrak egiten baditu, jasotzea gure lana izateaz gain.

Arauak ez jartzeak, edo ez betetzeak, ekartzen ditu hainbat arazo. Txakurra “gaizki” portatzea, gehienetan, arauak gizakiok ez betetzeren ondorio izaten da. Arau ezak, edo arauak nagusiaren erosotasunaren edo nagikeriaren arabera aldatzeak, eragindako nahasmenaren ordaina izan oi da. Baina arazo larriena, gure bizitza ohiturak aldatzen ditugunean etortzen da. Oporrak direla eta, egun mordoxka baterako etxetik joaten garenean adibidez. Orduan gertatzen dira, horrenbeste maitasun agindutako izaki haien uzte gehien.

Guzti honegatik, inongo kulparik gabe, beste batzuen erabaki, utzikeria, eta batzuetan krudelkeriaren ondorioz, egoera larrian dauden izaki bizidun hauei, irtenbide duin bat emateko xedearekin, aritzen gara egunero lanean. Ez da ahaztu behar, aurretik aipatutako, deserosotasun, enbarazu eta ardura guztiekin ere, asko direla txakurrekin gustura bizi direnak ere.

Ez dugu ahaztu behar, animaliak etxekotzeko arrazoiak zein izan ziren: laguntasuna eta babesa. Horregatik, beti ere gure gain hartzen dugun ardura ahaztu gabe, animalia bat adoptatzeko gonbitea egiten dizuegu.

Bestalde, jakin ezazue, animalia bat adoptatzeaz gain, badaudela laguntzeko beste era batzuek ere. Adibidez, diruz lagundu gaitzakezue, jasotzen dugun laguntzaren arabera, hainbat txakur salbatuko dira sakrifiziotik.

TXAKUR, TXAKUR-ELKARTEA

Kontakturako informazioa: telefonoa, posta elektronikoa. 

2021/01/25

AMA EDO AITA IZAN

 XXI. mende honen hasieran, gauzak, gure bizitza gobernatzen dute egiak, abiadura bizian aldatzen ari dira. Eboluzioa, eta izaki bizidunen desagertzeak aztertzen dituzten zientzialariek, kontzeptu interesgarri bat erabiltzen dute; aldaketara egokitzeko, eboluzionatzeko, abiadurari buruzkoa: Bizidun baten baldintzak, klima, harrapakari berri baten agertzea, edo dena delakoa, bat batean aldatzen badira; bizidun horrentzako, aldatzeko, egokitzeko, eboluzionatzeko, denbora nahikorik ematen ez bazaio; desagertzea da ondorio ziurrena. Ba horixe gertatu zaio, nire ustez, guraso izateari. Guraso izateko baldintzak, bat batean aldatu dira eta oraindik ez gara konturatu.

Betidanik, gizakiaren 50 milioi urtetako historian, bi egiak izan dute, gure irauteko, mugagabe zabaltzeko eta beste edozein izaki ez bezala ugaritzeko kulpa: alde batetik, gure birsortzeko gaitasunak, eta bestetik, elkarren artean lan konplexuak egiteko ahalmenak. Elkarren arteko lan horretan, emakumeak, bere bizitzaren zati handi batean, umeak erditu eta hazi egin behar zituen. Beti ere, gizonak lagunduko zuen, beste lan batzuk egingo zituen, baina ume horren bizitzako lehenengo 5 edo 6 urteetan, amarekiko lotura, erabatekoa zen, elikatzetik hasita.

Jakina denez, gizakiaren historian, gauzak aldatzen joan dira: Arropa, bizileku, erlijio, antolamendu sozial, eta abar. Baina egitura hori, familiarena, finkoa izan da. Eta horrela iritsi gara, gure artizar honen txoko guztien jabe izatera. Joan den mendearen bukaera aldera ordea, gauzak aldatzen hasi ziren, eta mende honen hasieran, abiadura azkartzen joan da. Momentu honetan, familiaren egitura, guraso izatea, eta horrelako egia mugi-ezinak, zalantzan jartzeraino.

Gaur egun, guraso izatea zalantzan jarrarazten diguten arrazoi bat baino gehiago daukagu: Lurraren gain-populazioa batetik, Aldaketa-klimatikoa bestetik. Baina mundu mailako arazo horietaz gain, guraso izateko, egitura ere aldatzen ari da: dagoeneko, familia molde anitzak daude, eta batzuek ez dute ahalbidetzen, era biologiko ohikoan, bikotearen sexu harreman bidez alegia, guraso izatea. Beste alde batetik, emakumearen ahalduntze bilakaera baten ondorioz, haurrak hazteko denbora aurkitzea gero eta zailagoa da. Neurri handi batean, emakumeak toki berri hori har dezan, gizonezkook gurea utzi nahi ez dugulako.

Zurrunbilo ero horretan murgilduta gaude momentu honetan: “-Mundua ez doa ondo! Nola ekarriko ditugu ba umeak mundu honetara?” Esaten dute batzuk.”- Nik joera sexual edo familia egitura ezberdin bat izan arren, ahal den neurrian, nire seme-alaba biologikoak nahi ditut!” Diote beste batzuk. Horietaz gain, familia “normalak” daude, horrelako kezkarik gabe, umeak mundura ekartzen dituztenak. Beti ere, Txinatarrei bezala, zure agintariek, ume bat baino gehiago izatea debekatzen ez badizute. Eta azkenik beste batzuk, baztertuekin, gizartean lekurik aurkitzen ez dutenekin sortzen dituzte beraien familiak: adopzioak, arrera familiak, eta abar.

Esan bezala, zurrunbilo ero honetan, era bateko edo besteko guraso izatea erabakitzen duenak, egunerokotasunari heldu behar dio ondoren. Gure gizartean, munduaren alderdi aberastu honetan ezarrita dagoen kapitalismo basatiari. Gure buruari, gizarteak ontzat ematen dituen gauza guztiak eskatzen dizkiogu, eta ondoren horiek denak lortzeko borrokan hasten gara. Gauzak erosi, horretarako dirua irabazi, ondorioz gure denbora gehiena horretarako erabili,… Eta non dago gure seme-alabentzako denbora? Erakunde publikoen ardura al da beraien heziketa?

Nire gurasoek zuten arazoa, nahi bezain azkar haurdun ez geratzea zen. Baina seme alaben heziketa zen beraien bizitzeko arrazoia. Nire ustez, gaur egun, umeak ekartzen hasi aurretik, beste galdera batzuk egin behar dizkiogu gure buruari: gure bizitzeko arrazoia, seme-alaben haztea eta heztea al da? Edo, gure zoriontasuna eta gogobetetasuna beste gauza batzuk ematen digute? Haurrak ekartzen hasi aurretik, argitu beharreko kontua da! Hau ez da, esperimentuak egiteko moduko kontua!

2021/01/13

GIZENTASUNA: KONTUAN HARTZEKO ARAZOA

 Oraindik ere, etxean bezala inon ez dela jaten, eta horrelako esaerak erabiltzen ditugu. Baina dagoeneko, etxeko andrea: umeak hazi, sukaldeko lanak egin eta etxea gobernatzen zuen hura, desagertu egin da. Emakumeak lan hori utzi eta gizonak hartu ez! Etxean ez dago kozinatzeko ardura duenik. Ondorioz, jateko ohiturak aldatu egin dira. Gertuko dendan erosi, etxean goxo prestatu, eta gazteei jaten irakasteak, ez du nonbait baliorik.

Horren ordez, presazko bizitza batean murgildu gara; lanak, haurrak, eta beste ez dakit zenbat lanen ondorioz, janari prozesatuen industriaren eskuetan erori gara. Telebistan ateratzen diren mediku eta sasi-jakintsuen esanetan, zorte handia dugu, “janari mediterraneoaren” lurraldean jaio omen garelako. Janari mota hori, dagoeneko, gero eta mahai gutxiagoetan dago ordea. Horren ordez: hanburgesa, patata frijituak, CocaCola eta pizza daude gure sukaldeetan eta palma-olioz egindako opilak, gure seme-alaben askarietan.

Arazoaren bigarren zutabea, gure bizimodu sedentarioan, mugimendu gutxikoan dago. Iraultza industrialak, teknologia berriek, asko erraztu dute gure bizitza. Dagoeneko, desagertu dira, ahalegin fisiko handia eskatzen zuten lanak. Eta gu bezala, munduko alderdi aberastu honetan bizi garenok, ez daukagu, bizirauteko, gure gaitasun fisikoak erabili beharrik. Baina gure gorputzak, milaka urtetan, ahalegin hori eginez bizitzeko eboluzionatu du, eta orain ahalegin hori falta zaio. Txantxa dirudi, baina ahalegin hori, bizirauteko egiten ez dugunez, osasuntsu egoteko egin behar.

Guzti honen ondorioz, jateko ohitura txarra alde batetik, eta mugimendu gutxiko bizimodua bestetik, herritarren %20 gizentzat jo omen daiteke. Ume eta gazteetan berriz, datua %33raino igotzen delarik. Dagoeneko, edozein beste izurritek baino eragin zabalagoa du.

Izurrite bai! Izan ere, gehiegizko pisua, itxura kontu huts gisa artatua izan da maiz. Baina, hori baino askoz ere afera larriagoa da. Pertsona batek, bere haurtzaro eta gaztaroan, ohitura okerren ondorioz, gizentasunari ateak zabaltzen dizkionean, orokorrean, betikotu egiten da arazoa. Horregatik, gaur egun, gaixotasun kronikotzat hartzen da.

Baina itxuraz, ohitura txarren, eta norbanakoaren “erabakien” ondorioz eratortzen den arazo honek, sustrai ezkutukoak ditu idazten duen honen ustez. Izan ere, edozeinek ikus dezake, edozeinek antzematen du, gaizki jate honek, diru-gose ase ezin bat daukana bere atzean. Bai telebista, edo aldizkarietako iragarkietan, bai erosteko erraztasunean. Osasunarentzat egokiak ez diren jakiak, eten gabe ari zaizkigu saltzen, munduko marketin onenaren laguntzarekin.

Gure agintariak ere, bidegurutze zail baten aurrean daude. Ordezkatzen duten jendearen osasuna, edo beraien kanpainak ordaintzen dituzten enpresen mesedea? Gaur gaurkoz, enpresei atea zabaldu, eta ondorioen kulpa gizarteari egoztea da beraien erabakia.

Beste aukera, kaltegarria izan litekeen gai hori ekoizten duen enpresari, gauzak zailtzea litzake. Produktu horien iragarkietan esaten diren gezurrak agerian uztea. Haurrentzako eskuragarri jartzea debekatzea. Baina horrek, gure sistema kapitalistari erasoko lioke zuzen-zuzenean.

Bide honetatik jarraituz gero, gizarte osoaren osasuna jarriko dugu galbidean, eta gure errua dela esango digute. Eta korapiloa gehiago estutzeko, osasungintza publikoak ez gaitu babestuko, eta enpresa batzuk eragin diguten gaitza, beste enpresa batzuk sendatuko digute.