Peilok, hainbat gauzetarako, heldua ikusten zuen bere burua.
Gurasoek etxeko lanetan jartzen zuten bezala, bere burua beste zeregin
batzuetan imajina zezakeen. Indarrez, osaba edo aita haina bazen, eskopeta bat erabilia
zen lehen ere, zein zen orduan arazoa?
Osaba, maiz joaten zen, bere txakurra lagun, oilagorretara.
Oilagorrak ehizatzeak, gauza zirraragarria izan behar zuen. Asteburua joan,
asteburua etorri, osaba goizean goiz abiatzen zen, bere eskopeta besotik
zintzilik, eta bazkal-garaia izaten zen itzultzen zenerako. Gero bere
kontakizunak entzuten zituzten: txakurra, oilagorra antzemanda, geldi-geldi
nola geratu zen, hanka bat altxatu eta pausoaren erdian izoztu balitz bezala;
osaba, eskopetarekin nola prestatu zen; txakurra, nola xaxatu zuen, oilagorra
“altxa” zezan; eta azkenik, oilagorra hegan hastean, osabak nola tiro egin
zion. – Begira, hemen dago! tiro garbi-garbiarekin! batere desegin gabe! – eta
bere kontakizunarekin jarraitzen zuen.
Gazteak, eskopetetarako afizio gehiago zuen ehizerako baino,
baina hori ez zekien oraindik, ehizean apenas ibili gabea baitzen. Berak,
balinezko eskopeta bat zuen. Berezia zen. Ehun balin kabitzen ziren kulatan
zuen tanga edo depositu batean. Kliskagailu batekin banaka, katuan sartzen
ziren. Ondoren, kanoiaren azpialdean zuen zataia, palanka, hiru edo lau aldiz
eraginez, haizea presiopean sartzen zen. Eta azkenik, ondo apuntatu edo
destatu, eta platt! Geldirik zeuden gauzei botatzea zen bere afizioa: Pote, zuhaitz,
matxarda, piku (etxe ondoko pikondokoei), eta abar. Beraz, ehizerako ustezko zaletasuna
alde batetik, eta osabaren istorio zirraragarriak bestetik, txango haietako
batera joateko gogoa piztu zitzaion.
Aitak ohartu zuen: - ez zoaz jolasera, entzun!? – behatzari
eraginez – osabak esandakoa egin! – Gerora jakin zuen gure mutil koskorrak, aitak
aurreikusten zuela gerta zitekeena.
Goizeko 6etan egin zuten hitzordua, osabak txakurra eta
eskopeta gordetzen zituen, baserri zaharrean. Ez zegoen etxetik urrun, baina
larunbat goiz batean, oraindik kalean inor ez zebilela,… beldurra ez, baina
halako sentipen arraro bat sortzen zuen. Munduan bakarrik balego bezala.
Gainera fresko egiten zuen, ilunbistan baserrirantz zioan bitartean. Baserrira
iristean, dagoeneko osaba aztarrika ari zen: eskopeta prestatu, kartutxo
egokiak hartu, txakurrari jaten eta edaten eman, ehizera joateko arropa egokiak
jantzi, eta abar. Halako batean – goazen! – esan zion, eta abiatu ziren.
Baserritik abiatu eta berehala, bide eta bidezidorrak utzi
eta zelai, baso, erreka-zulo eta leku zailenetatik joaten hasi ziren. Nonbait, txori
izu hauek, jendearengandik urrun ibiltzea dute maite, eta gaztearen osabak, egia
horren jakitun, jendea normalean iristen ez den tokietan ibiltzen zen haien
bila. Beraz, eskarmenturik gabeko gazte ezjakina, berari zentzurik gabekoa
iruditzen zitzaion kiribil, neketsu, dibertsiorik gabeko eta bukaezin batean sartu zen.
Errekasto baten
inguruan, lokatzetan murgildu; Sasiak bereganatua zeukan zoko batean, arrastaka
ibili; hainbat txarrantxa, azpitik edo gainetik gainditu;… txakurra bera ere
sartzeko gai ez zen, edo agian gogorik ez zuen, lekuetan ere ibili ziren gure
ehiztari sakrifikatuak. Ez atseden bat hartu, ez hamaiketako xume bat egin,…
Goiza, gerla baten antzeko zerbait izan zen gure heroiaren irudipenez.
Gudu hark utzitako arrastoak ere, ez ziren nolanahikoak:
Lokatzez zikindua, arropak zartatuak, eskuak eta aurpegia urratuak, eta nekea! Leher
eginda itzuli zen, ez zuen gogoratzen inoiz hain nekatua egon zenik!…
Eta animoak!? Lur jota itzuli zen gure Peilo! Goiz osoan ez
zuten oilagor madarikatu bakar bat ikusi! Ez tiro bat bota! Ezta eskupeta
eskuetan hartu ere! Non zegoen bada ehizean ibiltzeko zirrara? Oilagor bat
antzeman eta txakurra zelatan gelditzean, sentitu beharreko emozioa? Eskopeta
prestatu eta gure animalia xaxatzeko momentuaren urduritasuna? Osabari, tiro
bakar bat bota gabeko goizak aipatzea ahaztu zitzaion nonbait! Oilagorren bila,
munduaren bukaerara joan beharra!
Esperientzia haren ondoren, bere burua ehiztari trebetzat
zeukan gazte guria, bakezale bihurtu zen. Ezta” tiro-platoan” ere, ez zuen eskopetarik
ukitu nahi. Beraz, osabari eskerrak ematen dizkio, ikasgai hura eman izanagatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina