Berria
egunkarian 2021eko Martxoaren 5ean, eta lehenago, Argia aldizkarian,
“Ikastolen publifikazioa” izenburuarekin argitaratutako iritzi artikulu bat dela eta, sortu den
ika-mikari argi pixka bat emateko asmoarekin idazten dut artikulu hau. Ez dut
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen izenean idazten, nire herriko
plataforman parte hartzen badut ere, artikulu honek, nire iritzia bakarrik
adierazten du.
Hasteko,
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak aldarrikatzen duenaz, ezagutza falta
edo are okerragoa litzakeena, nahasmena sortu nahia, antzematen da artikulu
honetan.
Topaguneak
ez du itunpeko sarea desagertzea eskatzen, ezta hezkuntza publikoa, eskainiko
den aukera bakarra izatea ere. Bestalde, egia da! Hezkuntza sistemaren
pribatizazioak, segregazioa areagotzen duela salatzen du. Arartekoaren ebazpen
bat ere badago hori berresten duena. 2018-19 ikasturtean, Ordizian, Hezkuntza
Sailak modu irrregularrean jokatu zuen ikasleen matrikulazioari dagokionean,
Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan.
Beste
kontu bat da, A eta B hizkuntza-ereduak direla eta, irizten duena.
Euskalduntzearen zutabe garrantzitsuena, murgiltze eredua izateaz, gaur egun ez
dago zalantzarik. Bestalde, sare publikoa, ekinaren-ekinez erakusten ari da,
lan hori egitea posible dela! 2021ean, sare publikoak, bere zailtasun guziekin,
ikasleen %90a “D” ereduan matrikulatua dauka, kristau eskolak ez bezala. Beraz,
euskalduntzeak izan behar badu, itun bat lortzeko bete beharreko konpromisoen
neurgailu, sare itundua publikotik oso urrun dago.
Datuak
aztertzen hasita, egia da! “Gure
hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapetan, ikasleen ia erdiek —%48— itunpeko
ikastetxeetan ikasten dute; gehienak Ikastolen Elkartea eta Kristau Eskola
eragileen eskupean...”. Baina nabarmendu beharra dago, ikastolen
elkartearen eta kristau eskolaren eskupean dauden ikastetxe hauek guztiak,
itunduak direla, beraz, diru publikoari esker bizi dira neurri handi batean.
Horren truke hartutako konpromezuak ordea, ez dituzte betetzen. Segregazioa,
eta gizartean dauden arrakalak konpondu beharrean, sakontzen lagunduz.
Bestalde,
aipatutako iritzi artikuluan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak,
ikastetxe guztiak publifikatzea aldarrikatzen duela adierazten da. Hau ez da zuzena! Topaguneak
publifikatzeko aukera irekitzea, publifikatzeko araubide bat izatea, eskatzen
du; baina ez da bere aldarrikapenen ardatz nagusia! Sare publiko eta itunduaren artean, segregazio egoera lazgarriari
irtenbide bat ematea da, Topaguneak ezinbestekotzat jotzen duena,
Gaur
egun, jaurlaritzaren lelo garrantzitsuena: “Euskadi, Auzolana” da. Horixe da,
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, aipatutako elkarteei eskatzen diena.
Auzolana! Gure herri txiki honetako historia, bakoitzak bere ikuspuntutik
irakurri, eta horren inguruan eztabaidatzeari utzi, eta eraiki dezagun gure
seme alaben etorkizuna.
Hain
zuzen ere, segidan, “…irtenbidea berezko
euskal hezkuntza lege berri bat egitea da, non auzolana, herri ekimenak eta
hizkuntza murgilketa oinarriak izanda, eredu publikoaren ezaguera desberdin bat
ezarriko baita EAEn.” dio, aipatutako artikuluak. Euskal Eskola Publikoaz
Harro Plataformak, ez du uste lege berri bat berez txarra izango denik, baina
ez dirudi lehen arauak eta konpromisoak betearazten ez dituen Jaurlaritzak
berak, gero, lege berri batekin, ezer konponduko duenik.
Ondoren,
jaiotze tasak eta etorkizuneko matrikulazio joeren inguruko hausnarketa egiten
da. Ikastetxe pribatuek, etorkizuna bermatzeko “…jarrera birpentsatu…” beharko dutela adieraziz. Honen inguruan,
Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak, Eusko Jaurlaritza honen jokaera
makurra salatu nahi du. Izan ere, 0-3 etapan dauden aukerak pribatizatze
aldera, ahalegin nabarmenak egiten ari da: haur-eskola publikoak (partzuergoan
daudenak) garestitu, partzuergoan lan-gatazka betikotu, haur-eskola pribatuak
diruz lagundu, publikoen matrikulazio kanpainak utzi,… eta abar. Guzti honekin,
epe ertain-luzerako ere joera bat sortuz, haur-eskola pribatuetatik, ikastetxe
pribatuetarako ibilbidea hobestea.
Bukatzeko
“…Euskal hezkuntzaren gaineko legediaren
aldaketa da gakoa.” esanez amaitzen du artikulua. Arestian esan bezala,
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, legediaren aldaketa baino,
borondatea da arazoak konpontzeko behar dena.
Gure
hezkuntza-sistemari, bere historiaren ondorioz, ez zaizkio arazoak falta.
Horiei, gaur egungo munduak, giza mugimenduek, ezberdintasunek, sortu dituzten
beste arazo mordoa gehitu zaizkie. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak,
denok elkarrekin bidea egiteko asmoz, bidegabekeriak salatu, ezinbesteko
iruditzen zaizkionak exijitu, eta azken batean, Auzolana eskatzen du.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina