2021/01/13

GIZENTASUNA: KONTUAN HARTZEKO ARAZOA

 Oraindik ere, etxean bezala inon ez dela jaten, eta horrelako esaerak erabiltzen ditugu. Baina dagoeneko, etxeko andrea: umeak hazi, sukaldeko lanak egin eta etxea gobernatzen zuen hura, desagertu egin da. Emakumeak lan hori utzi eta gizonak hartu ez! Etxean ez dago kozinatzeko ardura duenik. Ondorioz, jateko ohiturak aldatu egin dira. Gertuko dendan erosi, etxean goxo prestatu, eta gazteei jaten irakasteak, ez du nonbait baliorik.

Horren ordez, presazko bizitza batean murgildu gara; lanak, haurrak, eta beste ez dakit zenbat lanen ondorioz, janari prozesatuen industriaren eskuetan erori gara. Telebistan ateratzen diren mediku eta sasi-jakintsuen esanetan, zorte handia dugu, “janari mediterraneoaren” lurraldean jaio omen garelako. Janari mota hori, dagoeneko, gero eta mahai gutxiagoetan dago ordea. Horren ordez: hanburgesa, patata frijituak, CocaCola eta pizza daude gure sukaldeetan eta palma-olioz egindako opilak, gure seme-alaben askarietan.

Arazoaren bigarren zutabea, gure bizimodu sedentarioan, mugimendu gutxikoan dago. Iraultza industrialak, teknologia berriek, asko erraztu dute gure bizitza. Dagoeneko, desagertu dira, ahalegin fisiko handia eskatzen zuten lanak. Eta gu bezala, munduko alderdi aberastu honetan bizi garenok, ez daukagu, bizirauteko, gure gaitasun fisikoak erabili beharrik. Baina gure gorputzak, milaka urtetan, ahalegin hori eginez bizitzeko eboluzionatu du, eta orain ahalegin hori falta zaio. Txantxa dirudi, baina ahalegin hori, bizirauteko egiten ez dugunez, osasuntsu egoteko egin behar.

Guzti honen ondorioz, jateko ohitura txarra alde batetik, eta mugimendu gutxiko bizimodua bestetik, herritarren %20 gizentzat jo omen daiteke. Ume eta gazteetan berriz, datua %33raino igotzen delarik. Dagoeneko, edozein beste izurritek baino eragin zabalagoa du.

Izurrite bai! Izan ere, gehiegizko pisua, itxura kontu huts gisa artatua izan da maiz. Baina, hori baino askoz ere afera larriagoa da. Pertsona batek, bere haurtzaro eta gaztaroan, ohitura okerren ondorioz, gizentasunari ateak zabaltzen dizkionean, orokorrean, betikotu egiten da arazoa. Horregatik, gaur egun, gaixotasun kronikotzat hartzen da.

Baina itxuraz, ohitura txarren, eta norbanakoaren “erabakien” ondorioz eratortzen den arazo honek, sustrai ezkutukoak ditu idazten duen honen ustez. Izan ere, edozeinek ikus dezake, edozeinek antzematen du, gaizki jate honek, diru-gose ase ezin bat daukana bere atzean. Bai telebista, edo aldizkarietako iragarkietan, bai erosteko erraztasunean. Osasunarentzat egokiak ez diren jakiak, eten gabe ari zaizkigu saltzen, munduko marketin onenaren laguntzarekin.

Gure agintariak ere, bidegurutze zail baten aurrean daude. Ordezkatzen duten jendearen osasuna, edo beraien kanpainak ordaintzen dituzten enpresen mesedea? Gaur gaurkoz, enpresei atea zabaldu, eta ondorioen kulpa gizarteari egoztea da beraien erabakia.

Beste aukera, kaltegarria izan litekeen gai hori ekoizten duen enpresari, gauzak zailtzea litzake. Produktu horien iragarkietan esaten diren gezurrak agerian uztea. Haurrentzako eskuragarri jartzea debekatzea. Baina horrek, gure sistema kapitalistari erasoko lioke zuzen-zuzenean.

Bide honetatik jarraituz gero, gizarte osoaren osasuna jarriko dugu galbidean, eta gure errua dela esango digute. Eta korapiloa gehiago estutzeko, osasungintza publikoak ez gaitu babestuko, eta enpresa batzuk eragin diguten gaitza, beste enpresa batzuk sendatuko digute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina