2021/04/22

EHIZA, AFIZIOA, UMETAKO IKASGAIAK. GOIZ BAT EHIZEAN.

 

Peilok, hainbat gauzetarako, heldua ikusten zuen bere burua. Gurasoek etxeko lanetan jartzen zuten bezala, bere burua beste zeregin batzuetan imajina zezakeen. Indarrez, osaba edo aita haina bazen, eskopeta bat erabilia zen lehen ere, zein zen orduan arazoa?

Osaba, maiz joaten zen, bere txakurra lagun, oilagorretara. Oilagorrak ehizatzeak, gauza zirraragarria izan behar zuen. Asteburua joan, asteburua etorri, osaba goizean goiz abiatzen zen, bere eskopeta besotik zintzilik, eta bazkal-garaia izaten zen itzultzen zenerako. Gero bere kontakizunak entzuten zituzten: txakurra, oilagorra antzemanda, geldi-geldi nola geratu zen, hanka bat altxatu eta pausoaren erdian izoztu balitz bezala; osaba, eskopetarekin nola prestatu zen; txakurra, nola xaxatu zuen, oilagorra “altxa” zezan; eta azkenik, oilagorra hegan hastean, osabak nola tiro egin zion. – Begira, hemen dago! tiro garbi-garbiarekin! batere desegin gabe! – eta bere kontakizunarekin jarraitzen zuen.

Gazteak, eskopetetarako afizio gehiago zuen ehizerako baino, baina hori ez zekien oraindik, ehizean apenas ibili gabea baitzen. Berak, balinezko eskopeta bat zuen. Berezia zen. Ehun balin kabitzen ziren kulatan zuen tanga edo depositu batean. Kliskagailu batekin banaka, katuan sartzen ziren. Ondoren, kanoiaren azpialdean zuen zataia, palanka, hiru edo lau aldiz eraginez, haizea presiopean sartzen zen. Eta azkenik, ondo apuntatu edo destatu, eta platt! Geldirik zeuden gauzei botatzea zen bere afizioa: Pote, zuhaitz, matxarda, piku (etxe ondoko pikondokoei), eta abar. Beraz, ehizerako ustezko zaletasuna alde batetik, eta osabaren istorio zirraragarriak bestetik, txango haietako batera joateko gogoa piztu zitzaion.

Aitak ohartu zuen: - ez zoaz jolasera, entzun!? – behatzari eraginez – osabak esandakoa egin! – Gerora jakin zuen gure mutil koskorrak, aitak aurreikusten zuela gerta zitekeena.

Goizeko 6etan egin zuten hitzordua, osabak txakurra eta eskopeta gordetzen zituen, baserri zaharrean. Ez zegoen etxetik urrun, baina larunbat goiz batean, oraindik kalean inor ez zebilela,… beldurra ez, baina halako sentipen arraro bat sortzen zuen. Munduan bakarrik balego bezala. Gainera fresko egiten zuen, ilunbistan baserrirantz zioan bitartean. Baserrira iristean, dagoeneko osaba aztarrika ari zen: eskopeta prestatu, kartutxo egokiak hartu, txakurrari jaten eta edaten eman, ehizera joateko arropa egokiak jantzi, eta abar. Halako batean – goazen! – esan zion, eta abiatu ziren.

Baserritik abiatu eta berehala, bide eta bidezidorrak utzi eta zelai, baso, erreka-zulo eta leku zailenetatik joaten hasi ziren. Nonbait, txori izu hauek, jendearengandik urrun ibiltzea dute maite, eta gaztearen osabak, egia horren jakitun, jendea normalean iristen ez den tokietan ibiltzen zen haien bila. Beraz, eskarmenturik gabeko gazte ezjakina, berari zentzurik gabekoa iruditzen zitzaion kiribil, neketsu, dibertsiorik gabeko  eta bukaezin batean sartu zen.

 Errekasto baten inguruan, lokatzetan murgildu; Sasiak bereganatua zeukan zoko batean, arrastaka ibili; hainbat txarrantxa, azpitik edo gainetik gainditu;… txakurra bera ere sartzeko gai ez zen, edo agian gogorik ez zuen, lekuetan ere ibili ziren gure ehiztari sakrifikatuak. Ez atseden bat hartu, ez hamaiketako xume bat egin,… Goiza, gerla baten antzeko zerbait izan zen gure heroiaren irudipenez.

Gudu hark utzitako arrastoak ere, ez ziren nolanahikoak: Lokatzez zikindua, arropak zartatuak, eskuak eta aurpegia urratuak, eta nekea! Leher eginda itzuli zen, ez zuen gogoratzen inoiz hain nekatua egon zenik!…

Eta animoak!? Lur jota itzuli zen gure Peilo! Goiz osoan ez zuten oilagor madarikatu bakar bat ikusi! Ez tiro bat bota! Ezta eskupeta eskuetan hartu ere! Non zegoen bada ehizean ibiltzeko zirrara? Oilagor bat antzeman eta txakurra zelatan gelditzean, sentitu beharreko emozioa? Eskopeta prestatu eta gure animalia xaxatzeko momentuaren urduritasuna? Osabari, tiro bakar bat bota gabeko goizak aipatzea ahaztu zitzaion nonbait! Oilagorren bila, munduaren bukaerara joan beharra!

Esperientzia haren ondoren, bere burua ehiztari trebetzat zeukan gazte guria, bakezale bihurtu zen. Ezta” tiro-platoan” ere, ez zuen eskopetarik ukitu nahi. Beraz, osabari eskerrak ematen dizkio, ikasgai hura eman izanagatik.

 

2021/04/19

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA, IKASTOLEN PUBLIFIKAZIOA DELA ETA

 


Berria egunkarian 2021eko Martxoaren 5ean, eta lehenago, Argia aldizkarian, “Ikastolen publifikazioa” izenburuarekin argitaratutako iritzi artikulu bat dela eta, sortu den ika-mikari argi pixka bat emateko asmoarekin idazten dut artikulu hau. Ez dut Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen izenean idazten, nire herriko plataforman parte hartzen badut ere, artikulu honek, nire iritzia bakarrik adierazten du.

Hasteko, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak aldarrikatzen duenaz, ezagutza falta edo are okerragoa litzakeena, nahasmena sortu nahia, antzematen da artikulu honetan.

Topaguneak ez du itunpeko sarea desagertzea eskatzen, ezta hezkuntza publikoa, eskainiko den aukera bakarra izatea ere. Bestalde, egia da! Hezkuntza sistemaren pribatizazioak, segregazioa areagotzen duela salatzen du. Arartekoaren ebazpen bat ere badago hori berresten duena. 2018-19 ikasturtean, Ordizian, Hezkuntza Sailak modu irrregularrean jokatu zuen ikasleen matrikulazioari dagokionean, Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan.

Beste kontu bat da, A eta B hizkuntza-ereduak direla eta, irizten duena. Euskalduntzearen zutabe garrantzitsuena, murgiltze eredua izateaz, gaur egun ez dago zalantzarik. Bestalde, sare publikoa, ekinaren-ekinez erakusten ari da, lan hori egitea posible dela! 2021ean, sare publikoak, bere zailtasun guziekin, ikasleen %90a “D” ereduan matrikulatua dauka, kristau eskolak ez bezala. Beraz, euskalduntzeak izan behar badu, itun bat lortzeko bete beharreko konpromisoen neurgailu, sare itundua publikotik oso urrun dago.

Datuak aztertzen hasita, egia da! “Gure hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapetan, ikasleen ia erdiek —%48— itunpeko ikastetxeetan ikasten dute; gehienak Ikastolen Elkartea eta Kristau Eskola eragileen eskupean...”. Baina nabarmendu beharra dago, ikastolen elkartearen eta kristau eskolaren eskupean dauden ikastetxe hauek guztiak, itunduak direla, beraz, diru publikoari esker bizi dira neurri handi batean. Horren truke hartutako konpromezuak ordea, ez dituzte betetzen. Segregazioa, eta gizartean dauden arrakalak konpondu beharrean, sakontzen lagunduz.

Bestalde, aipatutako iritzi artikuluan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, ikastetxe guztiak publifikatzea aldarrikatzen duela adierazten da. Hau ez da zuzena! Topaguneak publifikatzeko aukera irekitzea, publifikatzeko araubide bat izatea, eskatzen du; baina ez da bere aldarrikapenen ardatz nagusia! Sare publiko eta itunduaren artean, segregazio egoera lazgarriari irtenbide bat ematea da, Topaguneak ezinbestekotzat jotzen duena,

Gaur egun, jaurlaritzaren lelo garrantzitsuena: “Euskadi, Auzolana” da. Horixe da, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, aipatutako elkarteei eskatzen diena. Auzolana! Gure herri txiki honetako historia, bakoitzak bere ikuspuntutik irakurri, eta horren inguruan eztabaidatzeari utzi, eta eraiki dezagun gure seme alaben etorkizuna.

Hain zuzen ere, segidan, “…irtenbidea berezko euskal hezkuntza lege berri bat egitea da, non auzolana, herri ekimenak eta hizkuntza murgilketa oinarriak izanda, eredu publikoaren ezaguera desberdin bat ezarriko baita EAEn.” dio, aipatutako artikuluak. Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak, ez du uste lege berri bat berez txarra izango denik, baina ez dirudi lehen arauak eta konpromisoak betearazten ez dituen Jaurlaritzak berak, gero, lege berri batekin, ezer konponduko duenik.

Ondoren, jaiotze tasak eta etorkizuneko matrikulazio joeren inguruko hausnarketa egiten da. Ikastetxe pribatuek, etorkizuna bermatzeko “…jarrera birpentsatu…” beharko dutela adieraziz. Honen inguruan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak, Eusko Jaurlaritza honen jokaera makurra salatu nahi du. Izan ere, 0-3 etapan dauden aukerak pribatizatze aldera, ahalegin nabarmenak egiten ari da: haur-eskola publikoak (partzuergoan daudenak) garestitu, partzuergoan lan-gatazka betikotu, haur-eskola pribatuak diruz lagundu, publikoen matrikulazio kanpainak utzi,… eta abar. Guzti honekin, epe ertain-luzerako ere joera bat sortuz, haur-eskola pribatuetatik, ikastetxe pribatuetarako ibilbidea hobestea.

Bukatzeko “…Euskal hezkuntzaren gaineko legediaren aldaketa da gakoa.” esanez amaitzen du artikulua. Arestian esan bezala, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, legediaren aldaketa baino, borondatea da arazoak konpontzeko behar dena.

Gure hezkuntza-sistemari, bere historiaren ondorioz, ez zaizkio arazoak falta. Horiei, gaur egungo munduak, giza mugimenduek, ezberdintasunek, sortu dituzten beste arazo mordoa gehitu zaizkie. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, denok elkarrekin bidea egiteko asmoz, bidegabekeriak salatu, ezinbesteko iruditzen zaizkionak exijitu, eta azken batean, Auzolana eskatzen du.