2021/10/07

C2ko idazlana 2021-10-05

 

Mainanan, 2021eko urriaren 5ean

 

Kaixo Adrian:

 

Aspaldiko partez, nire euskara ikasketen berri emateko gutun hau idaztea bururatu zait. Nire ikasle garaian irakasle kuttunenetakoa izan zinelako, eta azkena hitz egin genuenean, berriz ere ikasten hasteko gomendioa eman zenidalako. Gazteago nintzenean, nire nahiak, gidabaimena lortu  eta kotxe bat erostea, lagunekin ondo pasatzea eta horrelakoak ziren. Zorioneko EGA lortzeko ordea, ez nuen beharrik sentitzen.

 

Gaur egun berriz, eskola garaian dauden bi haurren aita naiz, eta lehen ikasi nituenak berritzeko beharra sentitzen dut. Alde batetik, beraiei laguntzeko, eta bestetik, eredu izateko.  Gainera, gure gizartearekin eta gure hizkuntzarekin kezkatuta eta arduratuta sentitzen naiz, eta hain egoera gutxituan dagoen hizkuntza nire baitan lantzeko beharra sentitu dut. Beraz, gaztetako utzikeriak, ikasle garaiko zailtasunak, eta orokorrean, inertziak eragiten digun mugitzen hasteko erresistentziak gainditu, eta euskaltegian izena eman dut.

 

Lerro hauek irakurtzean, zure ezpainek irribarre bat marraztuko duten esperantza daukat. Ez ditut inoiz ahaztuko, beste ikaskide batzuk, "tx", "ts", eta "tz"rekin, edo aditzen deklinatzearekin, edo ergatiboarekin borrokatzen zuten bitartean, niri" h" hizkiak eragindako estuasunak. Gaur egun, Iñaki, nire irakasle berriaren laguntzaz, harreman hobea izatea espero dut hizki ditxosozko horrekin!

 

Dagoeneko jaso dugu lehenengo eskola, eta ikaskide berriok elkar ezagutzen hasteko aukera izan dugu. Joan den ikasturtean, C1 egiaztagirirako prestaketa ikastaroa egin nuen, eta egia esan ikasle mota zeharo ezberdina iruditu zait. Hasteko, adinari dagokionean, pertsona helduagoak gaude maila honetan. C1eko prestaketan gaztetxo gehiago zeuden, honetan berriz gehienak zaharxeagoak. Hala beharrez, euskara maila ere beste bat da, baina esango nuke hizkuntza ohitura aldetik ere alde nabarmena dagoela, euskaraz bizi garen koadrila bat bildu garela. Baina gehien gustatu zaidana umorea izan da, oso tarte laburrean ikusi arren, jende umoretsua iruditu zait.

 

Espero dugunaz, eta ditugun beldur eta kezkez ere aritu gara. Ikuspegi horri dagokionean, besteekiko abantaila hartuta hasiko naizenaren itxura hartu diot. Izan ere, nik dagoeneko hartua daukat martxa pixka bat, joan den ikasturtean egindako lanarekin. Beraz, hasiera batean behintzat, erraztasun gehixeago izango dudanaren irudipena daukat. Baina hobe izango dut lo ez geratzea, bestela esaerak dioen bezala, jango dut mehe.

 

Horrela ba, nire aurrerapenen berri emango dizut aurrerantzean ere, eta zugandik jasotako edozein gomendio gustuz irakurriko dut. Garai hartan entzungor egiten banien ere, gaur egun balio handiagoa emango nieke. Azken batean, zure zorroztasunean, asko eskertzen dut orduan egindako ahalegina. Irakasle batek egindako ahaleginek, edozein hitzek baino askoz gehiago erakusten baitute irakasleak ikasle horretatik espero duenaz, ikasle horrekin dituen espektatibetaz.

Honenbestez, laster elkarren berri izango dugulakoan, agur eta ongi izan,

Arkaitz