2021/03/17

TXIKIZKAKO MERKATARITZA: INDARBERRITZEA ETA ERALDATZEA

Sarrera

Txikizkako merkataritza funtsezkoa da jarduera ekonomikoan, izan ere, ondasun-ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartzen baititu. Alde batetik, erosleari, lortu nahi dituen ondasunak eskura jartzen dizkio, eta haren gogobetetasuna lortzea ahalbideratzen du. Bestetik, ekoizleei, beraien produktua saltzeaz gain,  nahien eta beharren bilakaerari buruzko informazioa ematen diete.

2020 urtean, funtsezko lan hori egiaztatu da. Izan ere, izurritearen ondorioz bizi izan diren unerik latzenetan, oinarrizko ondasunak, beraiei esker iritsi dira etxeetaraino.

Dena den, txikizkako merkataritzak gizartean duen garrantzia, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bide izatea baino askoz sakonagoa da. Sektore honek egiturazko ezaugarri nabarmenak ditu: nagusiki, enpresa txiki eta ertainez osatua dago; lan-intentsitate handia du; enpleguari eta emakumeen ekintzailetzari bere biziko ekarpena egiten dio; lurraldean oso zabaldua dago eta abar. Guzti hau dela eta, txikizkako merkataritzak, lana eta aberastasuna sortzeaz gain, gizarte-kohesioari ekarpen erabakigarria egiten dio.

Sektorearen ezaugarriak:

Arestian esan bezala, txikizkako merkataritzak, berebiziko garrantzia du sozialki, baita lurraldean duen zabalkundeari erreparatzen badiogu ere. Adierazgarria da, sektore honek enplegu sorreran duen eragina. 2018an BPGaren %5,2 sortu bazuen ere, enpleguari dagokionean, 2019ko datuen arabera, langileen %9,8ri eman zion lana. Bi ehuneneko hauen arteko aldeak, agerian uzten du enplegu-bizitasunari dagokionean, sektore honek duen garrantzia. Emakumeen enpleguari dagokionean, are nabarmenagoa dena. Sektore honetako enplegatuen %60,9 emakumeak dira, orotara enplegatuta dauden emakumeen %13 biltzen duelarik.

Enpresa moldeari erreparatzen badiogu berriz, enpresen %98,4k, 10 langile baino gutxiago dituzte. Gainera, enpresa gehienak (%70 inguruk), pertsona fisiko bat dute euskarri, eta %51 emakumeak dira. Ekonomiaren osotasunean, emakumezko enpresaburuak %36,7 diren bitartean.

Bestalde, ez da ahaztu behar, lurraldea lotzeari, kohesioari, ematen diona. Txikizkako merkataritzak, bere saretzearekin, bere langartzearekin, sektoreari , eskaintza eta eskaria elkartzeko beharrezko duen kapilaritatea  ematen dio.

Digitalizazioaren erronka:

Sektore honek, erronka nabarmena dauka bere aurrean, eraldaketa digitala! Eraldaketa honen ezaugarri nabarmenena merkataritza digitala delarik. Arestian aipatu ditugun, sektorearen estrukturazko ezaugarriak ordea, aintzat hartu behar dira enpresek erronka honi aurre egiteko duten gaitasuna baloratzerakoan. Azken hamarkadan, merkataritza digitalak hazkunde ikaragarria izan du, salerosketen bolumena, 6,5 aldiz biderkatu delarik. Horrelako datuek, txikizkako merkataritzak digitalizazioari heltzeko duen beharra agerian uzten dute. Merkataritza digitala ordea, berrikuntza horien zati bat besterik ez da. Enpresen digitalizazioa, teknologia digitalen erabilerarekin dago lotua: merkataritza eragiketak, marketina, bezeroen eta hornitzaileen kudeaketa, komunikazioa eta abar.

Bestalde,  txikizkako merkataritzaren digitalizazioa gauzatzen ari da, hori adierazten dute aldagai ezberdinek: ordenagailuen erabilera, IKTetan espezializatutako langileen kontratatzea edo Interneterako lotura izatetik hasi, eta 3D inprimagailuen erabilera edo big-data datuen analisiraino. Nagusiki, teknologia berri hauek txertatzen ari direnak enpresa handienak badira ere. Zenbat eta handiagoa izan enpresa, orduan eta zabalagoa da IKTen erabilera. 10 langile baino gutxiago dituztenak, handiagok direnetatik oso urrun daudelarik. Eta ez dugu ahaztu behar, txikizkako merkataritzaren sektoreko enpresen %98,4 tamaina horretatik behera daudela.

COVID-19a eta laguntzarako neurriak:

Aintzakotzat hartzeko beste aldagai bat, COVID-19ak eragindako osasun-krisia da. Orokorrean, gizartearen digitalizazio-abiadura azkartu duena. Bestalde, Izurriari eusteko eta ez zabaltzeko hartu diren neurriek, eragin handia izan dute txikizkako merkataritzan, bai salmentetan, baita langileen jardunean ere.

Hainbat neurri hartu dira azken urte honetan: ERTEak, finantza-abalak,  gizarte-segurantzaren hobariak, hartzekodunen lehiaketetan epeak jartzeari eragiten dietenak, eta abar. Helburuak, batez ere bi izanik: kaltetutako langileak babestea, eta enpresei normala ez den, eta behin behineko izango den, egoera honetan irauteko aukera ematea.

Ondorioak:

COVID-19 izurriak, lorratz sakona utzi du txikizkako merkataritzan, genero berdintasunari dagokionean ere ondorio latzak eragin dituena. Enpresa txiki eta autonomo ugari dauzkan sektore hau, oso zaurgarria da horrelako talka batekiko. Guzti horregatik, talka hori leuntzeko asmoarekin, ainbat laguntza eman dira enpresa-sarea babesteko. Helburua, egoera bere onera itzultzen denean, sektorearen indarberritzea azkarra izatea da, eta enpleguaren berreskuratzearen eskutik etortzea.

Baina ez da ahaztu behar, txikizkako merkataritzak, berriz ere hazten hasteko, eraldaketa digitalari eta modernizazioari heldu behar diola, izurriaren aurretik ari zen bezala. Izurriak berak, zantzu guztien arabera, aldaketarako joera azkartu egin baitu. Ondorioz, inoiz baino presazkoagoa da eraldaketa hau.